Irun Oiasso izango da berriro gaurtik igandera
Inoiz baino indartsuago bueltatuko da erromatar jaialdia. Erromatar azoka, egokitzapen historiko, tailer, antzerki eta gastronomiaz gozatzeko aukera izango da.
Gaurtik igandera, 2.000 urte egingo du atzera Irunek, eta berriro Oiasso izango da. Izan ere, Dies Oiassonis jaialdia bueltan da. Iaz, oraindik indarrean zeuden murrizketak pandemiarengatik, eta jaialdia beste formatu batean gauzatu zuten. Aurten, ordea, betiko itxura hartuko du erromatar jaialdiak. Gainera, inoiz baino indartsuago dator, bai eskaintza aldetik baita baliabide ekonomikoen aldetik ere, 2019ko aurrekontua bikoiztuko baitu 200.000 euroraino iritsiz.
Oiassoren itxura emateko elementu nagusia azoka izango da. Bi urte ez duela jaialdiak azokarik izan, eta aurten berreskuratu egingo dutela adierazi du Juanjo Jimenez Oiasso Museoko zuzendariak. Horrekin batera, antzinako lanbideen berregiteak eskainiko dituztela gaineratu du. Urregileak, medikuak, legionarioak, gladiadoreak… ikusteko aukera izango da, beraz. Horrez gain, hainbat puntutatik etorritako artisauek ere parte hartuko dute.
Antzerkia eta egokitzapen historikoak izango dira Dies Oiassonisen beste protagonistak. Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak gogorarazi duenez, «krisiek aukera berriak» sortzen dituzte, eta iaz egindako antzerki klasikoaren aldeko apustua egingo dute aurten ere. Lau egunez izango dira emanaldiak, gehienak, Junkal plazatxoan, baina termak Oiasso Museoan integratzeko proiektua jendaurrera zabaltzeko asmoz termetan ere izango dira hainbat ekitaldi. Besteak beste, Prandium et Theatrum eta Oiassoko emakumeak bakarrizketa saioak, Tito Andronico William Shakespeareren obraren egokitzapena eta Els Joglarsen Que salga Aristofanes nahiz Ezezagunok antzerki taldearen La paz y otras lunas antzezlanak ikusi ahal izango dira.
Bueltan etorriko den beste ekitaldi garrantzitsua Navigium prozesio erromatarra izango da. Egokitzapen historiko horren bidez, ibilaldi bat egingo dute hirian barrena Isis jainkosa goratzeko. Hilaren 16a izango da, 19:30ean, Zabaltza plazatik abiatuta. Higerreko brontzeei esker, ezaguna da antzinako Oiasson nabigazio eta itsasoarekin lotutako jainkosa hori ondratzen zutela. Bide batez, nabigazio denboraldia inauguratuko dute Dunboako kanalean, Albaolak utzitako itsasontzi batekin.
Gastronomia erromatarra
Jaialdiaren beste indarguneetako bat gastronomia izango da. Aurten berriro bueltatuko da zirku erromatarra San Juan plazara, eta ikuskizunekin batera, afari erromatarra emango dute. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai, eta ehun lagunentzako tokia izango da. Horrez gain, pintxo erromatarraren ibilbidea egiteko aukera izango da herriko tabernetan. Felix Manso Ibarla jatetxean, bestalde, afari erromatar berezia eskainiko dute, hilaren 16an, 21:00etan. Sarrerak 40 euroan daude salgai.
Jaialdia udalak antolatu arren, hainbat lagun eta elkarteren lankidetzarekin aurrera atera dela nabarmendu du Eizagirrek. Horien artean, Bidashop eta Bang Bang Zinema: Bidashopek Stock Azoka egingo du, eta Bang Bangek Gladiator filma proiektatuko du bere estilo propioarekin, jaialdia ixteko. Haurrentzako tailerrek osatuko dute egitaraua.