Erreserbak egiteko moduan aldaketak izango dira igerileku irekietan
Aldaketa horiek gaur bertan sartuko dira indarrean.
Irungo Udalak jakinarazi duenez, aldaketak egingo ditu San Martzial-Txingudi igerilekuetako erreserba egiteko sistema. Aldaketa horiek, gainera, gaur bertan jarriko dira indarrean.
Hasteko, erreserba egin duenak NAN zenbakia aurkeztu beharko du instalazioetara sartzeko. Horrez gain, penalizazioak areagotu dituzte erreserba egin eta aurkeztu ez bada edo erreserba baliogabetzen ez bada. Kasu horretan, NAN eta helbide elektroniko horrek ezingo dute egin erreserbarik, azken erreserbatik zazpi egun igaro arte.
Erreserba txanda hasi baino lehen baliogabetu beharko da: goizekoa, 11: 00ak baino lehen, eta, arratsaldekoa, 16:15 baino lehen. Sarrera gehienak 00: 00etan ateratzen dira salmentara, bi egun lehenago, eta egunean zehar libre geratu diren sarrerak har daitezke.