Elkarretaratzera deitu dute, E25 autobusa dela eta
Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak egin du deialdia, hiru geltoki gabe geratu baitira inguruko bizilagunak: Urdanibia plaza, Fermin Calbeton eta Zabaltza plaza.
Santa Elena karrikako obrek hautsak harrotzen jarraitzen dute. Larreaundiko bizilagunek hasitako protesta zabaldu egin da, eta, orain, beste elkarretaratze baterako deialdia egin du, oraingoan, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak. Bihar izango da, 20:00etan, Fermin Calbeton geltokian.
Oraingoan ere, Hondarribiara doan E25 autobus zerbitzua izan da protestara bultzatu dituena. Izan ere, alde zaharrean eta inguruan hiru geltoki kendu dituztela salatu du auzo elkarteak: Urdanibia, Fermin Calbeton eta Zabaltza plazan. Horrek Alde Zaharra-San Juan, Arbes, Dunboa, Santiago eta erdigunean bizi diren bizilagunei eragiten ari zaiela adierazi du. Obrek, gainera, zazpi hilabete iraungo dute.
Auzo elkarteak Santa Elena kaleko obrak garraiobideetan izango lukeen eragina planifikatzerakoan udalak izan duen “aurreikuspen falta” kritikatu du; are gehiago, udan, jende gehiagok erabiltzen duelako autobus linea hori.
Zentzu horretan, Irungo Udalari eskatu dio galdegin diezaiola Gipukoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Departamenduari behin-behineko aukerak aztertzeko. Obrek dituzten gorabeherak ulertzen dituztela adierazi du auzo elkarteak, baina eraginak gutxitu daitezkeela iritzi dio; honakoa esaterako: “Gipuzkoa etorbidetik eskuinera biratu Colon pasealekutik Genaro Etxeandiaraino eta
ohiko bideari heltzea”.