Zahara eta Ivan Ferreiro Irun Zuzenean Festibalaren kartelburuak
Irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango dira Ficoban. Jaialdia ordainpekoa izango da, eta bi egunetako sarrerak 30 euroan daude salgai.
Badator Irun Zuzenean Festibala. Aurten irailaren 30 eta urriaren 1eko asteburuan izango da, Ficoban, ohi bezala. Aurtengoan, Zahara eta Ivan Ferreiro izango dira kartelburuak, eta Ginebras, Maika Makovski, Maren, Ezpalak, Dupla, Malforta, Jordana B eta Impacto Vuduk osatutako dute kartela. “Lehen mailako artistak” direla esan dute antolatzaileek, Irungo Udalak eta Get In enpresa sustatzaileak.
Irun Zuzenean Festibalak jauzi kualitatibo bat emango duela iragarri dute antolatzaileek. Horretarako, aurrekontua hirukoiztu egingo du aurreko ediziotik, 121.000 eurora iritsi arte, eta, horrez gain, sarrera ordainpekoa izatera pasatuko da. Dagoeneko, salgai daude 30 euroko prezioan —bi egunak—.
Antolatzaileek “ilusio handia” jarri dutela jakitera eman dute, eta udaberritik udazken erdialdera arteko egutegi musikalaren barruan, “erreferentziazko ekitaldi” bihurtzea nahi dute, Andrea Calleja eta Iñaki Estevez Get In-eko kideek adierazi dutenez.
Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak kartelari egin dio aipamena: “Irun Zuzenean festibalaren jauzi kualitatiboa kartelburu batek edo gehiagok eta agertoki musikalean erreferentziazkoak diren taldeek eratutako kartel bat osatu nahian egin dugu, direla taldeak edo direla bakarlariak”. Horrez gain, 0KMko artistak nahiz emakumeen parte hartzea sustatzeko izpiritua ere mantentzen duela gogorarazi du Eizagirrek: “Bertako talentua babestu nahi dugu”.
Azken urteetan, formatu ertaineko erreferentziazko taldeak etorri direla gogorarazi dute antolatzaileek, horien artean, Xoel Lopez, La Bien Querida, Depedro, Izaro, Carolina Durante, Rulo y la Contrabanda, Viva Suecia eta Los Zigarros.