E25 autobusa berreskuratzea aldarri, errepidea itxi dute Larreaundiko auzotarrek
Udalak aldundiari proposamen bat luzatu dio mugikortasun arazo hau konpontze aldera.
Larreaundiko auzo elkartearen deiari erantzunez, auzoko Farmaziaren atarian elkartu dira eta errepidea itxi dute bizilagunek E25 autobusa kendu izana salatzeko. Joan den astean Santa Elena karrikako lanak hasi zituzten, eta horren ondorioz, autobus linea horren ibilbidea aldatu dute, Larreaundi eta Urdanibia plazako geltokiak deuseztatuz. Egun, Fermin Calbetoneko geltokia da gertuen dutena.
David Nuño udaleko Gizarte Ongizateko ordezkaria bertan izan da ere eta udalaren babes osoa dutela bizilagunek adierazi du. Izan ere, autobus zerbitzuen eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela azaldu du.
Halaber, bizilagunen erreklamazioak entzun dituztela eta Larreaundik mugikortasun egonkorra behar eta hori sustatu behar denarekin bat egiten duela udalak esan du Nuñok. E25 linearekin gertatutakoa, oro har, auzoak mugikortasunarekin duen arazo baten isla dela gaineratu du. “Gogoratu nahi dut ospitalearekin lotura egiten zuen L3 linea ere kendu zietela auzotarrei”.
Bien bitartean, E25 linea berreskuratzeko proposamen bat helarazi diotela aldundiari aurreratu du ordezkariak, baita bilera bat egitekoak direla ere.