'Katxetaka' aldarrikapena, omenaldia, eta trap-a uztartzen dituen abestia
Amuitz markak eta Mkarel Marmokaren lankidetzan sortutako abestia da. "Gure artean ez dauden guraso, aiton-amon, eta anai-arrebei" omenaldi bat egiteko baliatu dute abestia.
‘Katxetaka’ Manex Martinezek (Amuitz markaren sortzaileak) Koldo Emeryrekin lankidetzan (Marmoka musika taldeko abeslaria) sortutako abesti eta bideoklipa da, aldarrikapena, omenaldia, eta trap-a uztartzen dituena. Manex Martinezek azaldu duenez, lankidetza oso garrantzitsua izan da “Koldoren laguntzarik gabe bideo hau ez litzateke posible izango”.
Martinezek dioenez, Hondarribia, hiri guztiak bezala, handitzen doa eta ‘bertakoak izan eta kanpotar’ direlaren [kantuko letra] sentimendua dute. ‘Katxetaka’ abestiak, horren inguruan kontzientzia piztea du helburu. “Gure sentsazioa da bertakoak [hondarribiarrak] murrizten ari garela eta diskonformitate hori erakusteko asmoz sortu dugu”. Hortaz gain, “gure artean ez dauden guraso, aiton-amon, eta anai-arrebei” omenaldi bat egiteko baliatu dute abestia.
Musikari dagokionez, trap generoko abestia da eta baseak Mikel Santano irundarrak egin ditu. Bideoklipari ere trap kutsua eman nahi izan diote. “Bideoklipa nahiko surrealista da. Traparen mundua oso informala da, janzkera, keinuak, portaera… eta kutsu hori eman nahi izan diogu”.
Bideoklipean bi elementu nagusi daude: taloa eta marmoka. Taloa Amuitz markaren ikurretako bat da, marmoka, berriz, Marmoka taldearena. “Bizitza errealean taloak marmoka jaten du. Kointzidentzia izan da!” aipatu du hondarribiarrak. Bestalde, Hondarribiko errealitate ezberdinak irudikatu nahi izan dituzte. Itsasoaren ondoko irudiekin arrantzaleak eta portuko jendea irudikatu nahi izan dute, Kanpandorreko irudiekin kaletar jendea eta mendiko irudiekin, baserritarrak. “Pixka bat nahasia da dena. Ondo aztertu beharreko bideoklipa da” ondorioztatu du Martinezek.
Katxetaka-ren berri gehiago eskuratzeko Amuitzen sare sozialetan aurki dezakezue gaurtik aurrera aurrera. Instagramen, @amuitz_hondarribia eta Facebooken, @amuitzhondarribia