Augusta Emeritari buruzko erakusketa, Oiasso museoan
Meridako Antzoki Erromatarrari buruzko sekretu arkitektonikoak, argitaratu gabeko irudiak, plano historikoak eta eraberritze proiektuei buruzko dokumentuak jasotzen dira.
Dies Oiassonis jaialdiaren aitzinean, erakusketa berria inauguratu du Oiasso Museoak: Merida. Theatrum mundi. Merida edo Augusta Emeritako Antzoki Erromatarrari buruzko bilduma bat. Antzokiak 2.000 urtetik gora ditu, eta harribitxia bat da; erromatarren garaiko antzokiak nolakoak ziren erakusten duen arketipo bat.
Bisitariek antzokiari buruzko sekretu arkitektonikoak, argitaratu gabeko irudiak, plano historikoak eta eraberritze proiektuei buruzko dokumentuak ikusi ahal izango dituzte.
Joan den ostiralean inauguratu zuten erakusketa, eta bertan izan ziren Juncal Eizagirre udaleko Kultura ordezkaria, Juanjo Jimenez eta Aizpea Goenago Oiasso Museoko ordezkariak, Jesus Cimarro Meridako Antzerki Jaialdiko zuzendaria eta Pedro Blanco Meridako antzokiko gerentea.
Eizagirrek nabarmendu zuen elkarlanari esker aurrera atera duten ekitaldia dela, eta Dies Oiassonisen barruan antzerkiari eman nahi dioten bultzada kontuan hartuta, “luxu” bat dela erakusketa hori Irunen jartzea.
Meridako antzokia eraberritzeko prozesuan, lantaldeak analisi kritiko bat egin zuen, jakiteko antzokia nolakoa zen erromatar garaian. Hala nola, Vitruviok, De Architectura obra osatzen duten hamar liburuetan, antzokiak arau geometrikoei jarraikiz diseinatzeko gomendioak eman zituen, eta horiei esker, besteak beste, antzokiaren funtsezko forma lehengoratu ahal izan zuten.
Erakusketa urrira arte egongo da martxan, eta sarrera doan da.