Artisauak izango dira Kai Festen lehen hitzorduko protagonistak
Bihar, hilak 9, Eskuz-lan Artisauen elkartearen eskutik, Hondarribiko, Hendaiako eta Irungo artisauen produktuez beteko da kirol kaia. Produktu berezi zein bakarrak eskainiko dituzte.
Azoka berezia zabalduko dute kirol kaian larunbat honetan, 12:00etatik 20:00etara. Kai Festek izango dituen hamar hitzorduetatik lehenengoa izango da honakoa. Kai Fest Hondarribiko Kai Team Kirol Kaiko Ostalaritza Elkartearen ekimenez sortu zen duela sei urte, kirol kaia, Alde Zaharra edo portua bezalako zenbait guneren antzera dinamizatu eta biziberritzeko. Urte hauetan guztietan, egitasmoa handitzen eta osatzen joan da, udalak emandako laguntzari eta iniziatibak izan duen harrerari esker.
Aurtengo egitarauak denetik izango du: Kai Musika, Kai Zinema, Kai Market eta Kai Pote-a. Azken hori ostegunero egingo dute, Kirol Kaiko Ostalaritza Elkartea osatzen duten establezimenduetan: El Curry Verde, Basque Taberna, Rodeo Burger, Casa Santamaria eta Kalima Bar.
Abuztuaren 18a egun berezia izango dute, Kai Eguna ospatuko baitute auzoko jaiak aitzaki hartuz. Ospakizuna 12:00etan hasiko da Kai Market zabaltzearekin batera. Ordu berean Monterrey Surfers taldeak kontzertua eskainiko du eta arratsaldean, 19:00etan, La Bona Dea taldeak. 19:00etatik 22:30era Kai Pote-a egongo da, eta 21:00etan El gran showman pelikula eskainiko dute.
Ostalaritza elkarteko kideak «oso emozionatuta» daudela azaldu du Joseba Santamariak [Basque taberna]. Bi urtez, pandemiaren eraginez, ekitaldia antolatu ezinik egon dira eta aurten, «normaltasunez» ekiteko prest daude.
Artisau merkatua
Biharko egunez dozena bat artisau postu ezarriko dituzte kirol portuko taberna eta jatetxeen parean dagoen pasealekuan, 12:00etatik 20:00etara. Laugarren edizio honetan, Eskuz-lan Bidasoko Artisau Elkartearekin lankidetzan aritu dira bertako artisauen produktuen merkatua antolatzeko. Denetik egongo dela ziurtatu du Javier Huarte Eskuz-lan elkarteko presidenteak: gerrikoak, bitxiak, arropa, apaingarriak… Bestalde, lankidetza horri esker, ostalaritza elkarteak aurrekontuaren zati bat beste zenbait jarduera antolatzeko probestu du. «Eskuz-lan elkarteak azpiegitura guztiak ditu» dio Huartek. Oraingo honetan, merkatuaz gain, txotxongilo emanaldi bat egongo da.
Eskuz-lan elkartea bertako artisauen sorkuntzak sustatzeko eta zabaltzeko asmoz eratu zen duela urtebete. Horrelako merkatuak garrantzitsuak dira artisauentzat: «Fisikoki dugun eskaparate bakarra da, merkatuak behar ditugu honetaz bizi ahal izateko».
Azken urteetan, eta bereziki pandemiaren garaian sortutako produkzio masibo eta produktu kimiko zein sintetikoen inguruko eztabaiden harira, merkataritza eredu justua, gertukoa, eta kontsumo arduratsu zein ekologikoari eman diote garrantzia tokian tokiko ekoizleek. «Ezaugarri horiek gure aldarria dira, eta horiek dira aurrera ateratzen laguntzen digutenak».
Artisauek sortutako produktuak bereziak dira. «Nik gerrikoak egiten ditut [O Más Cinturones] eta bi gerriko berdin egiten saiatuta ere, taila eta hebilla berberarekin, ez dira inoiz berdinak izango. Eta hori da produktu naturalek duten xarma».