Ivan Gomez irundarraren arte garaikideari lotutako lan ziklo baten amaiera da erakusketa, eta gaurtik ikusi ahalko da Menchu Gal aretoan.
Denbora tolesak erakusketa irekiko dute gaur 19:00etan Menchu Gal aretoan abuztuaren 28era arte. Ivan Gomez irundarraren lana da eta Haizea Barcenilla lezoar komisario eta EHUko Artearen Historiako irakaslearekin batera egin du erakusketa.
Juncal Eizagirre Kultura zinegotzia aurkezpenean izan zen eta Menchu Galen helburuetako bat Irungo artisten lana ikusaraztea dela gogorarazi nahi izan zuen. Gainera, molde eta itxura berriei ongi etorria emateko prest dagoen aretoa dela esan zuen, eta horregatik, ohiko itxuratik at topatuko dute bertaratzen direnek.
Gomezek azaldu du orain Menchu Galen ikus daitekeen erakusketa 2018.urtean Ribera bekari esker abiatu zuen ziklo baten amaiera dela. Urte hauetan kolaborazio desberdinak egin ditu eta denekin Konpantzia isla edo egun Faisaien isla bezala ezaguna dena izan du ardatz. “Faisaien uhartea ente bereizgarri gisa ulertuta eta sasi normaltasun horretatik, uharteak izan dituen funtzio edo erabilera desberdinei nola erantzun saiatzea izan da helburua, bai arlo politikoan, bai gorputzei dagokienean eta migrazioei dagokienez, bai boterearen eta gizarte harremanen iruditeria bati dagokionez”.
Elkarlan asko dituen proiektua izan da. Lehenengoa Iratxe Agirrerekin egin zuen eta Intzura. Historia kontatzeko moduak liburua kaleratu zuten. Agente kultural anitz elkarrizketatu zituzten liburu horretan. Ondoren, Anartz Ormaza arkitektoarekin batera interbentzio bat proposatu zieten Pio Baroja institutuko batxiler artistikoko ikasleei eta zubi batzuk eraiki zituzten islarekin lotura egiten zutenak.
Haizea Barcenillarekin jarri zen jarraian harremanetan islaren testuingurua ikertzeko, batez ere, Pirinioetako Bake Akordiotik aurrerakoak jakiteko. Barcenillak azaldu du hainbat gai mahai gaineratu zituztela eta elkarren arteko loturak bilatu zituztela. Horretarako, San Telmo museoa, Gordailua eta Irungo Artxibategiarekin jarri ziren harremanetan. “Ideia batzuk jaso eta topatu genituen eta hortik joan ginen eraikitzen erakusketa. Nola antolatu behar genuen erabakitzeko lan guztia egina zegoela kontutan hartu dugu eta beste pieza batzuk berriak direla ere aintzat hartu dugu”.
Barcenilla testu bat ontzen joan zen Gomezen lanarekin uztartzeko, “ez modu deskriptibo batean baizik eta historiaren ikuspegitik”.
Testu horiekin podkast bat sortu dute hiru kapitulutakoa erakusketan bertan entzun daitekeena. Gainera, Txufo Wilson musikariak soinu banda sortu dio testuei, audio horietan entzun daitekeenak. “Podcastak hiru kapitulu ditu: batek espazio gorriari egiten dio erreferentzia, beste batek espazio urdinari eta besteak espazio berdeari”. Espazio bakoitzaren esanahia erakusketan bertan topa daiteke.
Aretoaren ordutegia asteazkenetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara da, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.