Abotsanitz: "dakitenek hitz egiten ez badute, jai daukagu"
Hondarribian %8a baino gehiago jaitsi da euskararen erabilera, azken bost urteetan, Soziolinguistika Klusterrak 2022an argitaratutako txostenaren arabera.
Soziolinguistika Klusterrak 2022an argitaratutako txostenaren arabera, azken bost urteetan, Hondarribian %8a baino gehiago jaitsi da euskararen erabilera. Zehazki, %16ak soilik hitz egiten du euskaraz, %75ak gaztelaniaz, %6ak frantsesez eta %2ak beste hizkuntzetan. Ikerketa hau 2021 urteko iraila eta urria bitartean burutu zen eta Hondarribiko hainbat auzotan, 5.000 elkarrizketa inguru behatu zituzten.
Egoera honen aurrean, Abotsanitz Udal Taldea kezkati agertu da, izan ere, 2016ko datuekin alderatuz gaztelaniaren presentzia nabarmen igo eta euskararena neurri berean jaitsi baita. Hala ere, honako datuek ez dute “harridura” sortu udal taldearengan. “Hondarribiarren %65ak euskaraz dakien arren, oso gutxi erabiltzen da. Erronka itzela daukagu”.
Honakoa ikusita, Abotsanitzek, Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako txostenaren inguruko lanketa sakona egiteko eskaera luzatu dio udalari, “arrazoiak identifikatzeko eta egoera eraldatzeko”. Aldi berean, Hondarribiko Udalak Euskara sustatzeko politika aktiboak sustatu beharko lituzkeela nabarmendu dute, euskara babestu eta Hondarribia euskararen arnasgune bihurtzeko ahaleginean.