Folka Txingudiko badian barrena zabalduko da abuztuaren 19tik 21era
Bidasoa Folk jaialdiaren barruan, bost kontzertu eskainiko dituzte, folkaren eta musika garaikidearen eszenan erreferentzia diren taldeekin.
Bidasoa Folk jaialdiaren 21.ekitaldia egingo dute abuztuaren 19tik 21era, Txingudiko badian. Hiru egunez, folka eta musika garaikidearen eszenan erreferentzia diren bost talde entzuteko parada izango da Hondarribia, Hendaia eta Irunen.
Joxean Martin jaialdiaren antolatzailearen esanetan, aurten hain ezaguna ez den musika akustiko, etniko eta garaikidean zentratuko dira, eta musikariak jatorri askotarikoak izango dira: Euskal Herria, Aragoi, Maroko, Portugal, Galizia eta Andaluzia.
Miguel Angel Paez Irungo Udaleko ordezkariak kalitatezko musikaren eta kultur aberastasunaren alde egindako “apustu irmoa” berretsi du. Juan Luis Silanes Hondarribiko Kultura zinegotziak, bestalde, “oso kalitate handiko folk musika” entzun ahal izango da, “seguru txoratuta geldituko direla herritarrak nahiz kanpotik etortzen direnak”. Azkenik, Itziar Aizpuru Hendaiako Herriko Etxeko ordezkariak Bidasoa Folkek kultur balio handiko kontzertuak eskaintzen dituela gogorarazi zue, “garai ezin hobean, eta, gainera, doan”.
Kontzertuak
Lehengo kontzertuak Hendaian izango dira, abuztuaren 19an: Michel Etxeberri eta O’ Carolan. Etxeberri baxenafartarra da, eta ibilbide luzea egin du musikaren munduan; 70 urte ditu. Frantsesez lan egin du urte luzez, baina azken diskoa, euskaraz, ama hizkuntzan, argitaratu du: Ezinago maitaturik. 21:00etan hasiko da emanaldia Gazteluzar pilotalekuan, eta jarraian, 22:30ean, joko du O’Caroan Aragoiko taldeak. Hainbat herrialdetako pieza tradizionalak daude beren errepertorioan eta horiek askotariko instrumentuekin interpretatuko dituzte.
Hurrengo egunean, hilaren 20ean, beste bina kontzertu izango dira, Hondarribian, ordea. Hasteko, Ensemble andalusi del mediterraneo taldea izango da, 21:00etan, Arma plazan. Talde gaztea da, 2020ean sortua, eta orduz geroztik musika andaluziarrak Arabia eta Maroko musikarekin duen hastapeneko doinuak lantzen ari dira. Segidan, 22:30ean, Celina da Piedade Portugalgo soinujole, kantari eta konpositorea igoko da oholtzara. Portugalgo musika tradizionala eramango du Hondarribira.
Azken kontzertua, hilaren 21ean, Irunen izango da, Junkal plazatxoan. Uxia & Javier Ruibal taldeak hartuko du lekukoa, eta olerkariak musikatuko dituzte, Federico Garcia Lorca eta Rosalia de Castro, kasu.