Jamones Alzaga Hondarribiko komertzio 'itsas zaindariena'
'Zero zabor uretan' kanpainaren barneko ekimena da. Materrek hil honetan bisitatuko dituen herri bakoitzean herriko komertziorik 'itsas zaindariena' aukeratu eta sarituko dute.
Gaur goizean Hondarribiko Kai berrian ‘Zero zabor uretan’ kanpaina aurkeztu dute. Aurtengoa laugarren edizioa izango da eta hilabetez, Euskal Herriko zenbait portu bisitatuko dituzte. ‘Zero zabor uretan’ itsas hondakinen arazo zein konponbideak ardatz dituen kanpaina da. “Ingurumen krisiak ez du eteten” azaldu du Izaskun Suberbiolak Mater-eko zuzendariak eta ‘Zero zabor uretan’ kanpainako arduradunak. Horregatik, hondakinen murrizketa bultzatzen duten ohituren aldaketa bultzatzeko kanpaina betean dira.
Goizeko aurkezpenean, besteren artean, komertzio itsas zaindarienaren sari banaketa egin dute. Honakoa, ‘Zero zabor uretan’ kanpainaren barneko ekimena da. Uda honetan zortzi euskal portu bisitatuko dituzte eta herri bakoitzean herriko komertziorik itsas zaindariena aukeratuko dute. Hondarribian Jamones Alzaga izan da irabazlea. Materren eskutik formakuntza bat irabazi du bere jardunean “itsas zaindari izaten eta ahalik eta jasangarrien izaten jarrai dezan” azaldu du Markel Elizaldek, Mater-eko komunikazio arduradunak.
Hondarribian hogehi eta hamar komertzioren partaidetza izan dute eta establezimendu horietako bezeroak izan dira komertziorik itsas zaindariena aukeratu dutenak, bozka baten bidez.
Aurkezpenean izan dira, halaber, Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta jasangarritasuneko sailburuordea, Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Jose Arrancudiaga, LIBERA proiektuaren ordezkaria, SEO/BirdLife-ren eskutik, Ecoembesekin aliantzan, Juan Luis Silanes, Hondarribiko Udaleko Ingurumen zinegotzia, Ama Guadalupekoa ikastetxeko zuzendaria eta Jamones Alzaga komertzioaren ordezkaria.