Jai historikoak izan direla dio udalak egindako balantzean
Jarduera jendetsuenak errepasatu dituzte eta udaltzain eta ertzainen lana txalotu dute. Eraso matxista eta sexisten gainean ez dute adierazpenik egin.
Jose Antonio Santano alkatea eta Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak jaien balantzea egin dute eta historikoak izan direla baloratu du. “Giro ona, errespetua eta bizikidetza izan dira nagusi” Santanoren arabera.
Guztira 140 ekimen egin dira eta parte hartze handia egon dela gaineratu dute. Jaietan lan egiteari utzi ez dioten pertsona eta entitateei eskerrak eman diete, “jarduerak behar bezala aurrera eramateagatik”.
Zenbait jarduera nabarmendu dituzte. Auzoetako haurrentzako kale animazioetan 300 pertsonek hartu dute parte; Erraldoien desfileak “arrakastatsuak” izango direla esan dute; Urdanibia plazako bizikleta ikuskizun akrobatikoa eta San Juan plazako zirku ikuskizunean ere jendetza bildu zen; Haurrentzako marrazketa eta pintura lehiaketan 228 haur aritu ziren lehian; Erretiratuen omenaldi bazkarian 682 lagun elkartu ziren; bakarrizketetara 1.700 entzule gerturatu ziren.
Hiriko intzidentzien kopurua ez dela hazi adierazi du udalak. Horrez gain, aurtengo jaietan Ertzaintza eta Udaltzainak agintaritza bakar baten bidez lanean aritu izana gogoratu dute. Bestalde, puntu morearen eta eraso matxista eta sexisten balantzea ez dute egin.
Txingudi Zerbitzuek emandako datuen arabera 225.000 ur litro gehigarri eta 125 litro desinfektatzaile erabili dituzte, eta ekainaren 22tik uztailaren 3ra 558.050 kilo hondakin jaso zituzten. Horrez gain, 18.300 edalontzi banatu zituzten.