Emakumeak Alardean parte hartzeko pauso berri bat
Guztion Alardeak Alardean emakumeek parte hartzeko eskaera luzatu dio udalari zein Alarde Fundazioari. 64 emakume atxikitu dira eskaera dokumentura.
Aurten, emakumeak Alardean ateratzeko egin zuten lehen saiakeratik 25 urte betetzen dira. Urte hauetan guztietan, gatazkari konponbidea emateko hainbat saiakera egon dira, horietako hainbat Guztion Alardeak aurrera eramandakoak.
Testuinguru honetan, astelehenean (hilak 4) Guztion Alardeak, pausu berri bat eman du konponbidearen alde. Hala, Alardean emakumeek parte hartzeko eskaera luzatu diote udalari zein Alarde Fundazioari. Guztira 64 emakume atxikitu dira eskaera dokumentura. Gatazkaren inguruan “bizipen eta sentsibilitate ezberdinak” dituzten emakumeak direla azaldu dute. “Alardea maite dugu eta gizonek duten eskubide berdinarekin parte hartu nahi dugu gure Alardean”.
Kopuruari dagokionez “sinbolikoa” dela nabarmendu nahi izan dute, izan ere, 64 emakumek sinatu duten arren “badakigu askoz gehiago garela Alardean parte hartu nahi dugun emakumeak eta are gehiago emakumearen parte hartzearen alde gaudenak”.
Halaber, gogorarazi nahi izan dute bakoitzaren parte hartzeko eskubideak “ez duela parte hartu nahi ez duenaren eskubidea zapaltzen”.