Eskolako materiala erosteko diru laguntzak eska daitezke
Uztailaren 4tik irailaren 30era bitarte egin daitezke eskakizunak eta Irungo saltokietan erosketak egitea ezinbestekoa izango da.

Hiriko dendetan eskolako materiala erosteko Erosi eta ikasi laguntzak emateko deialdia ireki zuen atzo udalak irailaren 30era bitarte. Bederatzigarren edizio honetara aurrekontua handitu eta 200.000 euro bideratu dituzte, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
Laguntzak eskatzeko epea luzatu egin dutela adierazi du Santi Jimenez Hezkuntza ordezkariak “denbora gehiago izateko familiak molda daitezen eta tramiteak lasai egiteko”. Harrera ona jasotzen dituen laguntzak direla dio Jimenezek eta oso mesedegarritzat jo ditu eskolako gastuei aurre egiteko.
Ekainaren 22tik irailaren 30era bitarte egindako erosketak dira balioko dutenak eskariak egiteko eta diru laguntza horiek jasotzeko erosketen fakturak gorde egin behar dira, eskaera egiterakoan aurkeztu beharko baitira eta prozesuan zehar ere eska ditzakete. Honako material hau da aintzat hartuko dena: idazteko materialak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, bizkar-zorroak, testu liburuak, uniformeak eta eskulanetako elementuak.