EH Bildu: "Alkateak ez du aurrerapausoak emateko ausardiarik izan"
Aurten alkateak alarde parekideari harrera egiteko itxaropena sortu zela esan du EH Bilduk, baina berdintasunaren aldeko urratsak egiteko aukera galdu dela iritzi dio.
Bi urteko etenaldiaren ondoren, EH Bilduren ustez, bazen, aurtengoan, udal gobernuak eta Jose Antonio Santano alkateak alarde parekideari harrera egiteko itxaropena, baina “berdintasunaren aldeko urratsak” emateko aukera galdu duela gaitzetsi du. Aitzitik, alkateak, atzeraupausoak eman dituela iritzi dio, San Martzial ermitan udalbatza osoak elkarrekin botoa egiteko adostasunarekin bukatu baitu, “espazio hori, modu arduragabean, irundar guztiak ordezkatzenez dituztenekin partekatzeko”. Alarderik izan ez den bi urteetan udalbatzak osorik parte hartu du boto egiteko ekitaldian.
“Alkateak ez du aurrerapausoak emateko ausardiarik izan”, ondorioztatu du EH Bilduk, eta areago, “kontrako norabidea” hartu duela, “interes pertsonalei jarraiki”.
Edozein kasutan, “instituzioetatik jasaten jarraitzen duten diskriminazioaren aurrean”, alarde parekideak inoiz izan ez duen babesa jaso duela adierazi du koalizioak, eta urtetik urtera ehunka lagun gehiago batzen zaizkiola. Zentzu horretan, zoriondu egin ditu alarde parekidean parte hartu duten edo babesa eman dioten ehunka herritarrak: “Udalak bere burbuilan jarraitzen duen bitartean, askotariko belaunaldietako milaka irundar ahots bakarrean batu dira, emakumeak alardean”.