Migel de Anbuloidin aparkalekua jarriko dute EAJ-ren eskariz
Behin behineko aparkalekua jarriko dute Lapitzen. Bi urtez eskatzen egon direla eta udalaren interes falta deitoratu du EAJ-k.
EAJ-ren eskaerari jarraiki Irungo Udalak IRUNVIn aurkeztu du Migel de Anbuloiditik sarbidea izango duen eta Diana kalearen atzealdean jarriko den behin behineko aparkaleku eskaera. Bi urteren ondoren eskaera egitea berri ontzat jo du alderdi jeltzaleak.
Aparkalekuekin arazo bat dagoela iritzi du EAJ-k eta horri erantzuteko irizpide argiak, hiriko aparkalekuen kudeaketa eta aparkalekuen eskaintza aintzat hartuko dituen plan bat behar dela diote. Ildo horretan, aparkaleku poltsak sortzeko proposamena berriz mahai gaineratu dute.
Horrez gain, lur gaineko aparkalekuak eraikitzea proposatu izan dute ere udal gobernuarekin, esate baterako, Alarde eta Pintor Berroeta karriketan. “Tamalez, oraindik, auzo askotan ez dago aparkalekurik, eta ibilgailu partikularra aparkatzeko leku bat aurkitzea odisea hutsa da”.
Migel de Anbuloidiko aparkaleku eskaerara itzuliz, proposamen guztiz bideragarria dela defendatu du EAJ-k eta 2020ko aurrekontuari atxikitzea galdegin zuten. “Are gehiago, jakinez, 125.000 euroko zenbatespen ekonomikoa zuela”. Udal gobernuak ez zuela hori onartu eta jarduera hori atzeratzen joan izana deitoratu dute. “Ez zuten zegokion partida sartu ez 2021eko aurrekontu proiektuan ez urte bereko uztaileko kreditu aldaketan ere”.