Dies Oiassonis indartsu bueltatuko da
Iaz izurrialdira egokitutako programa eskaini ondoren, aurten, normaltasunera itzuliko da erromatar jaialdia, inoizko aurrekontu handienarekin.
Dies Oiassonis jaialdia bueltan dator. Iaz ere aurrera irten zen arren, aurten normaltasunera itzuliko da, eta inoiz baino aurrekontu handienarekin, gainera, 200.000 eurotik gora, 2019aren bikoitza. Hilaren 14tik 17 ospatuko da erromatar jaialdia Oiasso museoaren bueltan.
Lau egunez, zirku erromatarra, azoka, tailerrak eta gastronomiaz gozatzeko aukera izango da hirian, eta aurtengo protagonista nagusienetako bat antzerkia izango da. Els Joglaras konpainiaren ¡Que salga Aristófanes!, Tito Andronico Shakespearen obraren egokitzapena, Ezezagunok konpainiaren La paz y otras lunas, Oiassoko emakumeak bakarrizketa saioa eta Emakumeok Asanbladan obraren irakurketa eskainiko dituzte. Egunak eta ordua Agenda atalean.
Horrez gain, ekitaldirik ikusgarriena Navigium birsorkuntza historikoa izango da, eta ikusleak Irunen baino Oiasson daudela usteko dute.
Gastronomiak ere bere tokia izango du, eta zirkuan, afari erromatarra izango da. Bestalde, ostiraletik hasi eta azoka bukatu bitartean, Pintxoaren Ibilbidea eskainiko dute hiriko zenbait tabernatan. Horrez gain, Felix Manso jatetxean afari erromatar berezia izango da.
Azkenik, aurten, lehen aldiz, zinemak tokia izango da, eta jaialdia ixteko Gladiator eskainiko dute.
Irungo merkataritzak ere bat egingo du jaialdiarekin, eta Bidashopen barruko dendek kalera aterako dituzte euren produktuak.