[Elkarrizketa] «Txikitako keinuaren nostalgia gaur egunera ekarri nahi izan dugu»
Duela bi urte Miru Studio enpresa sortu, eta atzo, ‘Finger Gun’ lehen bideo-jokoa kaleratu zuten. Errealitate birtualean oinarritzen den jolasa da. ‘Oculus Store’ webgunean eros daiteke.
Eneko Barandiaran [Ingeniari Aeronautikoa] eta Manex Darceles [Ingeniari Informatikoa] 25 urteko ekintzaile hondarribiarrak dira. Txikitatik ezagutzen dute elkar. Ikasketetan ibilbide ezberdinak hartu bazituzten ere, berriro batzeko eta gaztetako ametsak egi bihurtzeko bidea aurkitu dute.
Nola heldu zarete hona?
Manex Darceles: Institutuan proiektuak aurrera eramatea gustatzen zitzaigun. Ondoren, Eneko [Barandiaran] Madrilera joan zen ikastera eta ni Donostian geratu nintzen. Graduko hirugarren mailan berriz ere gauzak elkarrekin egiten hasi ginen. Ildo horretatik, Gradu Amaierako Lana (GrAL) batera egiten saiatu ginen. Bakoitzak berea egin zuen, baina osagarriak ziren. GrALengatik iritsi ginen ekintzaile izatera. Aurkeztutako proiektua merkaturatzeko aukera ikusi genuen, nahiz eta ondoren ezinezkoa zela ikusi genuen. Proiektu horren bidez teknologiak aplikatzen ikasi genuen eta azkenean hand tracking teknologia, hau da, eskuak detektatzen eta ordenagailuarekin interakzio bat egitea ahalbidetzen duen teknologia erabiliz, bideo-jokoak egiten bukatu dugu.
Horretarako sortu zenuten Miru Studio enpresa, ezta?
M.D: Bai, hau guztia Miru Studio enpresaren gainean gertatzen da. Duela bi urte sortu genuen.
Eneko Barandiaran: Gure arteko elkarlana formalizatzeko modua izan zen. Gaur egun Manex eta nitaz gain beste zortzi pertsonak osatzen dugu taldea.
Atzo kaleratu zenuten Finger Gun bideo-jokoa. Zer aurkituko du jendeak bertan?
M.D: Esperientzia berri bat aurkituko du. Nahiz eta bideo-jokoetan aditu izan, edo inoiz ere jolastu ez izan, hand tracking teknologiarengatik, esperientzia guztiz berritzailea dela uste dut. Jokoarekin egiten diren interakzio guztiak eskuen bidez egiten dira. Eskuekin keinu zehatz bat egiterakoan pistola bat edo gantxo bat atera dezakezu. Keinu horien guztien bidez lortzen duzuna da jokatzen ari denaren esperientzia guztiz ezberdina izatea.
Western itxura dauka bideo-jokoak. Nondik dator ideia hori?
E.B: Gure metodologiaren ondorioa izan da. Enpresarekin hasi ginenetik Lean metodologia jarraitu dugu. Hau da, ahalik eta gutxien egin, eta egiten genuena balidatzen joaten ginen, eraikitzen gindoazenaren gainean beste zerbait eraiki genezakeen jakin ahal izateko. Teknologiak guk egindakoa onartzen zuela ikusi genuenean, hurrengo pausoa, zer-nolako jokoa sortu nahi genuen erabakitzea izan zen. Argi genuen behatzak arma gisa erabili nahi genituela, baina jokoaren girotzea aukeratzeko balizko erosleei kontsulta egin genien. Jaso genuen erantzuna Cowboy fantasia horrekin erlazionatutako zerbait sortzea egokia litzatekeela. Gure helburua txikitan egiten genuen keinu horren nostalgia gaur egunera ekartzea da.
M.D: Txikitako fantasia horri heltzen diogunez, jokoak cartoon itxura izatea beharrezko ezaugarria zela iruditzen zitzaigun. Looney Tunes edo Tom & Jerry bezalako arte itxura eta feeling-a izatea. Ezin genuen joko ilun bat, edo helduentzako bat sortu. Animazioak neurriz gainekoa izan behar zuen. Irudiak oso dibertigarriak dira eta oso fantasiatsuak.
Norentzako da?
M.D: Denentzako zerbait sortzen saiatu gara. Jokoa shooter bat da. Robot batzuei tiro egitean datza. Beraz, horrelako jokoak gustuko ez dituzten pertsonei ez zaie interesgarria irudituko. Baina, esperientziagatik bakarrik merezi duela uste dugu.
Hasieran imajinatzen zenutena sortu duzue?
M.D: Ez da erreza galdera horri erantzutea. Hasieran imajinatzen duzun hori eraldatzen doa. Estetikoki, adibidez, ez da imajinatzen nuena, baina gehiago gustatzen zaidan zerbait da. Esperientziaren aldetik ere ez da hasieran buruan nuena, hobea da. Esango nuke eraman dugun prozesuarekin eta jokoak izan duen eboluzioarekin nahi genuen lekura iristea lortu dugula.
E.B: Gure prozesuak oso interaktiboak dira. Finger gun egiten hasi ginenean ez genuen azken produktuaren ideia zehatzik. Sortze prozesuan hainbeste pertsonek parte hartzen dutenean ez dakizu nora iritsiko zaren. Baina biak oso pozik gaude lortutako emaitzarekin, eta noski, taldea ere.
Prozesu zaila izan al da?
E.B: Niretzat behintzat oso zaila izan da. Baina esango nuke horregatik egiten dugula. Bioi asko gustatzen zaizkigu erronkak. Horrek mugiarazten gaitu. Beti esaten dut ingeniaritza egiten ari nintzenean ezin nuela imaginatu hori baino gauza zailagorik aurkitzea bizitzaren hurrengo etapetan. Baina honekin hasi ginenean ikusi nuen badaudela ikasi behar izan nituen gauza horiek baino zailagoak direnak. Enpresa bat zerotik sortzea, langile guztiak kontent egotea, egiten duzun produktua ona izatea, eta guztia kudeatzea gauza asko dira. Baina oso gogotsu egiten dugu eta asko betetzen gaitu.