Jendetza bildu da Urdanibia plazan
Eguraldia lagun, abere lehiaketa, herri kirolak eta bertsolariak ikustera animatu dira herritarrak eguerdian.
Sanmartzialen azken orduak dira, baina pasa den egunetan ez bezala, gaur, eguraldia atsegina izan da. Giro ederra baliatuz, goiz-goizetik herritarrak Urdanibia plazara hurbildu dira, eta jendetza bildu da. Hango eskaintza honakoa zen: abere lehiaketa, herri kirolak eta bertsolariak. Horrez gain, janari eta material posturen bat ere bazen plazaren inguruan.
Familiak, haur txikiekin, abereen gunea inguratu dute: behiak, zekorrak… harrituta begiratzen zituzten haurrek egunerokoan ikusten ez dituzten animaliak.
Plazaren beste aldean, berriz, beste zerbaitek erakartzen zuen herritarren begirada: herri kirolen lehiaketak. Harria jasotzen Inaxio Perurena, Aroa Sanchez eta Udane Ostolaza. Perurenak 250 kiloko harria jaso du, eta Sanchez eta Ostolazak 106 kilokoarekin ahal izan dute.
Aizkoran, berriz, Basozabal eta Hodei Ezpeleta Bihurri Txikia VI eta Larrañagaren kontra aritu dira. Zortzina kanaerdiko ebaki behar izan dituzte, eta azkarrena Urolako bikotea izan da: Txikia VI eta Larrañaga.
Ondoren, bertsolarien txanda iritsi da; Aitor Mendiluze, Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu eta Nerea Elustondo igo dira taula gainera.
Arratsaldean, dantzari pasatuko diote lekukoa Urdanibia plazan. 18:00etatik aurrera, Fandago eta Arin-Arin txapelketa izango da, eta, ondoren, erromeria. Uranzu pilotalekuan, berriz, profesionalen partidak ikusteko aukera izango da: hasteko, eskuz binakakoa Peña II-Albisu eta Urrutikoetxea-Imazekin eta, ondoren, San Fermin Lau t’erdiko Txapelketako balio duen partida, berritasun moduan: Unai Laso-Artola.
Gauean, su artifizialek argituko dute hiriko zerua: Caballer Fx Service S.L pirotekniaren su artifizialak jaurtiko dituzte Donostia kaletik.