Petra Labordaren errezetekin gozatzen jarraitzeko liburua
'Petra Labordarekin sukaldean, hemen eta orain' liburua aurkeztu zuten asteartean Hondarribiko Kultur Etxean.
Hondarribiko Kultur Etxea une berezi baten testigu izan zen asteartean. ‘Petra Labordarekin sukaldean, hemen eta orain’ liburuaren aurkezpena egin zuten eta bertan izan ziren Laborda hondarribiarrak, duela 100 urte inguru, idatzi zuen liburuaren eguneraketan parte hartu zuten herritarrak.
Halaber, aurkezpenean izan ziren Arma Plaza Fundazioaren presidentea Txomin Sagarzazu, Koldo Ortega historialaria eta Juan Manuel Garmendia, Kofradia Gastronomikoen Federazioaren presidentea. Sagarzazuk azaldu duenez, honakoa, Hondarribiko ondare gastronomikoa berreskuratzeko eta partekatzeko modua izan da.
Ilusioa, poztasuna, harrotasuna eta bestelako sentimenduak somatzen ziren Kultur Etxean. “Liburua herriarena da” esan zuen Garmendiak, izan ere herriko jendeak elkarlanean sortutako lana izan da. Mota askotako pertsonek parte hartu dute argitalpenean; hiriko zenbait sukaldari esanguratsuk, bai eta hainbat zaletuk ere. Ixabel olazabal; Fernando Sanzberro; Mariaje Zapirain; Iñaki Jauregi; Pilar Goikoetxea; Juanito de la Aza; Maria Jesus Berrotaran; Jose Ignacio Susperregi; Mikel, Kepa eta Gorka Txapartegi; Jon Marie Grao; Iosu Carrion; Mari Carmen Elizazu; edo Mertxe Alvaro izan dira horietako batzuk.
Bestalde, Ortegak historiaren gaineko ikuspuntua eman nahi izan zion obrari. Petra Laborda, egun, aurpegi gabeko emakumea dela azaldu zuen, saiakerak egin zituzten arren ez baitute haren irudirik topatu. Historialariaren hitzetan hori ez da kasualitatea, “emakume honek Hondarribiko emakume denak ordezkatzen ditu”.
Eguneratze lana
Bi urteko lana izan da, eta ez nolanahikoa. Errezeta liburu originalak ez zituen proportzioak kontuan hartzen eta beraz, duela mende bateko errezetak gaur egunera ekartzeaz gain, neurri zehatzak ezartzeko lan handia egin dute. Gainera, soilik gazteleraz idatzi zen liburua, euskaraz zein gazteleraz argitaratu dute.
Dozenaka herritarren parte hartzea Hondarribiko sukaldaritzaren historiak bizirik jarraitzen duenaren isla da. Liburua Hondarribiko Udalaren, Arma Plaza Fundazioaren, Hazi Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin argitaratu da. Aram Plaza Fundazioaren egoitzan edo beren webgunean eskuratu daiteke 24 eurotan.