[Kronika] Pauso bat aurrera, beste bat atzera
Berritasuna izan da Berdintasun zinegotzi batek, Miren Etxebestek hiriko bandera ematea alarde parekideari, baita PSE-EE eta EAJko ordezkariak harrera egitea ere; baina boto emate ekitaldia zatitu da.
Bi urteko etenaldiaren ondoren, bazegoen itxaropena 2022ko alardeak Irungo Udalaren aldetik benetako aurrerapauso bat ekarriko ote zuen. Ez da hala izan. Jose Antonio Santano alkateak ez dio harrerarik egin Alarde Parekideari, baina tradizio duenez, bai, ordea, alarde baztertzaileari: goizeko lehen orduan udaletxeko balkoitik egin dio jarraipena, lehenbizi, dianan, eta, gero, harreran.
Edozein modutan, izan dira historiara pasako diren bi keinu. Batetik, Miren Etxebeste (Elkarrekin Podemos-IU) Berdintasun zinegotziak eman dio hiriko bandera alarde parekideari; Rogelio Resendek jaso du Bidasoa konpainiaren izenean. Udal gobernu taldeko kide batek halakorik egiten duen lehen aldia izan da. Bestetik, udal talde guztietako ordezkariek parte hartu dute alarde parekidearen harreran. PSE-EEko eta EAJko udal ordezkariak izan dira tartean; PPkorik ez, ordea. Borja Olazabal (PSE-EE) Kirol ordezkariari balkoian ikusi zaio. EAJko ordezkaria zein izan den, ordea, ez dute jakitera eman.
Haatik, atzerapauso nabarmena izan da San Martzial ermitaren inguruan. Alardea ospatu ez den bi urteetan boto emate ekitaldian udal talde guztietako ordezkariek parte hartu izan dute, baina aurten, Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bilduko zinegotziak ez dira igo. Ekitaldia orduz aldatzeko eskatua zioten alkateari Alarde Parekidearen harrerarekin bat zetorrelako, baina atzera bota dute eskakizuna. Beraz, PSE-EE, EAJ eta PPko ordezkariek baino ez dute parte hartu ekitaldi horretan.
Goizean goiz udaletxeko arkupeetara hurbiltzen hasi dira instituzioetako ordezkariak: Etxebeste eta Eukene Lopez Elkarrekin Podemos-IUtik, Denis Itxaso EAEko Espaniako Gobernuaren ordezkaria, Izaskun Landaira Emakundeko zuzendaria, Ines Ibañez Maeztu Arartekoko ordezkaria, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Batzar Nagusietako bozeramailea eta udaleko EH Bilduko ordezkariak, Jokin Melida eta Oihana Briones eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea.
Batzuk iristen ziren bitartean, alkateak udaletxea utzi du, aurtengo itxaropena atzean geratuz.
Gainontzekoan, festa eta aldarrikapena izan da nagusi. Arrankada hasi aurretik, iaz hil zen Txema Egigureni omenaldia egin diote Urdanibia plazan, alardean emakumeen parte hartzearen alde egindako lana eskertzeko. Arrankada minutu batzuk atzeratu da, zaldi bat erori delako. Behin, martxan jarrita, San Martzial kaletik gora San Juan plazara iristen joan dira konpainia guztiak. Denak filan jarri direnean, lurrean eseri dira, Emakumeak alardean aldarria oihukatuz. 11:00ak inguruan korneta jo bezain laster sartu da zaldian jenerala. Alarde Parekidea aldarrikatu du denen aurrean.
Jarraian, begirada guztiak udaletxeko arkupeetara zuzendu dira, hiriko bandera emateko ekitaldira. Etxebeste Bidasoa konpainia etortzeko zain zegoen, eta sartu direnean, momentu hunkigarriak bizi dituzte. Resendek bandera jaso duenean, Gora Irun, Gora San Martzial, Gora emakumeak alardean, Gora gu eta gutarrak oihukatu du. Handik konpainiak pixkanaka Junkal plazatxora joan dira, eta hortik ohiko bidea egin dute.