'Kalez kale Hondarribia hobetzen': Errebellin kalearen txanda
Dagoeneko Talaia Biteri Ikastetxearen ingurunean hasi dituzte egokitze lanak. Lan hauen helburuetako bat eskolara sartzeko korridore segurua sortzea izango da.
Gibeleta kalearen egokitzapen lanak amaitu ondoren, oraingoan Harresilanda eremuaren txanda izango da. Zehazki, Errebellin kalean, Talaia Biteri ikastetxearen ingurunean burutuko dituzte hobekuntza lanak. Honakoa, ‘Kalez kale Hondarribia hobetzen’ programak hobetuko duen laugarren eremua izango da.
Harresilanda inguruan hiru eremutan egingo dituzte egokitzapenak: Harresilanda kalean, Errebellin kalean eta Txiplao kalean.
Gonzalo Carrionek, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, obra hauek martxan jartzeko ezinbestekoa zen “ikasturtea amaituta egotea obra batek sortzen dituen eraginak ahalik eta txikienak izan zitezen. Ikastetxea itxita dago orain, eta beraz, askoz pertsona mugimendu urriagoa dugu orain”. Hala, proiektua azkarrago eta segurtasun handiagoarekin egin daitekeela nabarmendu du.
Egokitzapen lanek honako helburuak dituzte:
- Eskola-ingurunera sartzeko korridore segurua sortzea.
- Plataforma bereiziko oinezkoentzako espazioa sortzea.
- Bizikleta-bidearen jarraitasuna bermatzea.
- Galtzada berriz asfaltatzea.