LGTBI komunitatearen eskubideen alde egindako politikak izan ditu hizpide PSE-EEk
Irungo Udalak LGTBI komunitatearen eskubideen alde egindako sentsibilizazio ekintzak gogoratu ditu, baita Espainiako Gobernuak eskubide horiek hobetzeko egin dituen legeak ere.
Irungo PSE-EE-k LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izaki manifestua kaleratu du eta Espainiako Gobernuak kolektibo honen eskubideen alde egindako politikak izan dituzte hizpide. Hasteko, 2018an Egun Nazional gisa ezarri zela gogorarazi dute “Pedro Sanchezen Gobernuko lehen Ministro Kontseiluetako batean, LGTBI pertsonen borroka eta kolektiboen lana aitortzeko helburuarekin”.
Azken aldian orientazio eta identitate sexualarekin loturiko erasoak hazi direla-eta kezkatuta daudela diote sozialistek. Hori dela eta, gorroto delituen aurkako II. ekintza plana ezarri dutela diote, eta era horretan, biktimei ematen zaien tratua hobetu nahi dute arreta egokia eskainiz. “Gainera, salatu gabe geratzen diren delituetako asko azaleratzeko (gutxi gorabehera, delituen % 90)”.
Tratu Berdintasunaren eta Diskriminazio Ezaren Legea, edota Zerolo Legea bezala ezaguna dena onartu izana ere aipatu dute. Tresna bat da, eta era horretan, diskriminazioaren biktimek urte luzeetako erreparazioa eskatu ahalko dute. “Diskriminazioa ez da inoiz gehiago doan aterako”.
Irungo Udalak LGTBI komunitatearen eskubideen alde egindako sentsibilizazio ekintzen balorazio oso positiboa egin dute. Esate baterako, ortzadar bandera udaletxeko balkoian jartzea, Maitasunak gorrotoa gainditzen du kanpaina eta hirian zehar hiri altzarietan ortzadar kolorez margotzea.