"Irungo Udalak sexu aniztasuna aldarrikatzeko ahotsa altxatzen du"
Harrotasun Eguna dela eta, adierazpen instituzional bateratua onartu du udalbatzak. Diskriminazioen aurkako borroka sendoan jarraitu behar dela adierazi du.
LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna da gaur, eta Irungo Udalak adierazpen instituzional bateratua onartu zuen atzo, udal talde guztien babesarekin. Pandemiak “desberdintasunaren arrakala” handitu duela iritzi dio, baita “kalteberatasun egoerak” indartu ere. Zentzu horretan, gizarteak indarrean dauden diskriminazioen kontrako borrokan jarraitu behar duela adierazi du.
Irungo Udalak sexu aniztasuna aldarrikatu du, eta gorrotoak eragindako eraso guztiak salatzen dituela berretsi du. “Ekainaren 28an zein urteko beste 364 egunetan”, LGTBIQ+ pertsonen eta haien ingurukoen “ondoan” jarraituko duela gaineratu du.
Adierazpen instituzionala:
Maitasunak gorrotoa gainditzen du
Pandemiaren eraginez azken bi urteak benetan latzak izan dira herritar guztientzat, are gehiago LGTBI kolektiboarentzat, gehien kolpatu dutenetako bat izan baita. Izan ere, desberdintasunaren arrakala areagotu egin da eta kalteberatasun egoerak eremu askotan indartu dira, sare sozialetan esate baterako. Aurten ere, Irungo Udalak, pertsona guztiak diren bezalakoak izateaz harro sentitu behar direla esateko eta sexu-aniztasuna aldarrikatzeko ahotsa altxatzen dugu, eta aldi berean, sexu-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako eraso guztiak salatzen ditugu.
Beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezin bihurtzen diren genero-identitate, -orientazio eta –
adierazpen guztiak errespetatuak izan daitezen. Gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea. Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte inklusibo eta anitza lortzeko, aniztasuna aztertzen ari
garen esparrutik ulertuta, baina baita zentzu zabal batean ere. Irungo Udalak ahaleginak batuko ditu gizarte- eragile guztiekin, gizarte bidezkoagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu,
aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin. Irungo Udalak, ekainaren 28an zein urteko beste 364 egunetan, LGTBIQ+ pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko
dugu, LGTBIfobiaren aurka eta aniztasunarekiko errespetu, tolerantzia eta gizarte normalizazioaren alde borrokatzen.Testuinguru horretan, Irungo Udaletik:
1.- Irmoki gaitzesten ditugu LGTBIQ+ pertsonen eta haien oinarrizko eskubideen aurkako diskriminazio guztiak, gorrotoa bultzatzea barne, eta gogora ekartzen dugu oso garrantzitsua dela LGTBIQ+ pertsonen aurkako diskriminazioarekin bukatzeko neurri zehatzak hartzea.
2.- Gorrotoaren diskurtsoen aurrean kezka berezia adierazten dugu, eta erakunde
guztiei eta gizarte zibilari eskatzen diegu arrazismoaren, xenofobiaren, homofobiaren, transfobiaren eta gainerako intolerantzia mota guztien aurkako borrokan lan gehiago egin dezaten.
3.- Berdintasuna sustatzen duten ekintza guztiak babesten ditugu, estereotipoen
aurka borrokatzeko eta gizarteak LGTBIQ+ pertsonak hobeto onartzea lortzeko, eta sexu- eta genero- aniztasunaren gaineko prestakuntza- prozesuak bultzatuko ditugu, langile publiko eta politikoentzat, bereziki jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza-esparrurako.
4.- Konpromisoa hartzen dugu LGTBIQ+ biztanleriaren aurkako gorroto-diskurtsoak
identifikatzeko mekanismoak (behatokiak, aldizkako azterketa, etab.) ezartzeko eta hainbat eremutan (hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa eta gizartea, oro har) diskurtso horiei eta jazarpen eta eraso LGTBIfobikoei aurre egiteko ekintzak bultzatzeko (protokoloak, sentsibilizazio-kanpainak, araudi espezifikoak, etab.). Era berean, lan horretan guztian oinarritutako ekintza-plan integral bat abian jartzeko konpromisoa hartzen dugu, tokiko LGTBIQ+ mugimenduarekin elkarlanean.
5.- LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde lan egiten duten gizarte zibileko erakundeen lana aitortzen dugu, bai eta erakunde guztiekin lankidetzan aritzearen balioa ere, diskriminazio guztiekin amaitzeko eta politika publiko berdintasunezkoak eta inklusiboak sustatzen jarraitzeko.
6.- Ekainaren 28an ortzadarraren bandera udaletxeko fatxada nagusian jartzea
erabaki dugu, eta ekainaren 28tik 29rako gauean fatxada hori ortzadarraren
banderaren koloreekin argiztatzea ere bai, gure hiriko kaleetan sentsibilizazio-
kanpaina bat egiteaz gain.Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta
kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen
dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora Ekainaren 28a!