Hiriko bandera Berdintasun ordezkariak emango dio alarde parekideari
Udal gobernuko kide batek hiriko bandera alarde parekideari emango dion lehen aldia izango da.
Alarde parekideak historian lehen aldiz udal gobernu taldeko kide baten eskutik jasoko du hiriko bandera: etzi, Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak alarde parekideko Bidasoa konpainiari emango dio ikur hori.
Horrez gain, Elkarrekin Podemos-IUk iragarri du udaletxeko balkoitik harrera egingo diola alarde publikoari, eta San Martzialera ez dela igoko, baldin eta hango ekitaldia ez bada erabat instituzionala, pandemiaren azken bi urteetan bezala.
David Nuño Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearen arabera, udala irundar guztiak ordezkatzen dituen instituzioa den aldetik, alarde berdinzalearen harreran egon behar du, eta “urrats sendoak” egiten hasi behar du, “jaiak benetan inklusiboak” izan daitezen.
Elkarrekin Podemos-IUk gogorarazi du, Jose Antonio Santano alkateari eskatu diola behin betiko aurrerapausoa eman eta etzi, Irungo Alarde Parekideari harrera egiteko: “Bi urte igaro ondoren, une egokia da udalak, alkatea buru duela, jaien etorkizunerako oso garrantzitsuak izan daitezkeen keinuak egiteko erabakia har dezan”.