Hondarribiak ETE Ligako lidergoa mantentzen du
Asteburuan bi estropada izan dituzte ETE Ligako ontziek. Baldintza zailak izan zituzten arren Oarso bidasoko bi traineruek sailkapen orokorraren goikaldean mantentzea lortu dute.
Asteburu honetan ETE Ligako bigarren eta hirugarren jardunaldiak jokatu dira. Donibane Lohizunen lehena, Zumaiako uretan bigarrena.
Larunbatean hiru kaleetara jokatu zen estropada, eta aurreko asteburuan bezala, hiru luze eta bi ziaboga eman behar izan zituzten. Txandak aurrera egin ahala, itsasoaren baldintzak okertzen joan ziren; euria eta haizea altxatzearekin batera itsasoa erabat harrotu zen.
Ohorezko txandan lehia estu joan zen Hibaika eta Deusturen artean. Bigarren ziabogan segundo bat aurretik ziren bilbotarrak. Baina azkenean hiru segundoko aldearekin irabazi zuen Hibaikak. Hala ere, bandera Zumaiarentzat izan zen. Lehen txandatik ‘ezustean’ garaipena eskuratu zuen. Hondarribia ere lehian sartzen saiatu zen baina azkenean laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Igandean berriz estropada Hondarribiarentzat izan zen. Bi luze eta ziaboga bakarra burutu behar izan zituzten arraunlariek eta bost kaleetara jokatu zen estropada. 1,6 metro inguruko alboko olatuak izan zituzten. Olatuen segida 10 segundokoa bazen ere [nahiko lasaia teorian], haizeak asko harrotu zituen urak. Patrontzarako egun bereziki garrantzitsua izan zen.
Lehenengo luzean Zumaia izan zen denbora onena markatu zuena, Hibaika eta Hondarribiaren aurretik. Bueltako luzean, berriz, Hondarribiak aurre hartu eta hiru segundoko aldearekin irabazi zuen. Hibaika bigarren izan zen.
Asteburu ona izan da orokorrean Oarso Bidasoko bi ontzientzat, izan ere, ETE Ligako lehen eta bigarren postuetan kokatu dira. Zehazki EuskoTren Ligara zuzenean igotzeko postuetan. Datorren astean larunbatean Castron izango dute hitzordua.