Autobus zerbitzuko aurreproiektu berriari alegazioak egin dizkio udalak
Udala ordezkatzen duten alderdiek alegazioak aurkeztu dituzte, "aldaketek ez baitute inolako abantailarik suposatzen hondarribiarrentzat"
Ekainaren 1ean Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘erabilera orokorreko bidaiarien herri arteko garraio erregularreko zerbitzu publikoa emateko emakidaren aurreproiektua’ argitaratu zuen. Zehazki, Oarsoaldea-Bidasoa eta Donostiaren arteko ibilbideen emakidaren aurreproiektua.
Hondarribiko udalak azaldu duenez emakida berriak “aldaketa garrantzitsuak” proposatzen ditu Hondarribiko autobus lineatan. Hori dela-eta Hondarribiko udaleko alderdiek aurreproiektua aztertu ondoren alegazioak aurkeztu dituzte, Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “aldaketek ez baitute inolako abantailarik suposatzen hondarribiarrentzat”.
PSE-EEk adibidez, herri barneko autobus zerbitzu baten beharra kontuan hartu ez izana deitoratu du.
Une honetan, aurreproiektua jendaurreko tramitean dago. Hori dela eta, nahi duen orok alegazioak aurkezteko aukera izango du uztailaren 1era arte.