Festa eta berdintasunean konpromiso garbia erakusteko garaia da EH Bildurentzat
HIlaren 30ean udalbatzak egiten duen botoan ordezkaritza guztia egotea kolokan dago, ordutegia aldatu ezean. Hiru konpromiso betetzea galdegin diote udalari.
Bi urteko geldialdia eta gero EH Bilduk alardearen aferaren gainean, egun, hiru eztabaidagai daudela adierazi du: botoa alderdi guztiek modu bateratuan egitea, eta horretarako alarde parekidea ikusi nahi duten ordezkari publiko guztientzat bertaratzeko ordutegia egokitzea; udalak eta alkateak alarde parekideari harrera egitea; eta udalak alardea antolatzea. Geldialdia egon den urte hauetan aldaketak egin eta aurrerapausoak eman zitezkeela, baina horretarako aukera galdu dela deitoratu du koalizioak.
Dena den, ekainaren 30erako hiru egun falta diren honetan, garaiz dela aurrerapausoak emateko diote. Izan ere, elkarrizketak egin dituztela, baina ez dela deus adostu salatu dute. Horregatik, udalari konpromiso garbia har dezan eskatu dio EH Bilduk: “Bada garaia festetan berdintasunarekin konpromiso garbia erakusteko, eta konkretuki, gai honekin modu arduratsuan jokatzeko. Irungo Udalak eta udaleko ordezkariek parekidetasunean eta berdintasunean oinarritzen den festa batekiko babesa emateko ordua iritsi da”.
Koalizioak dio bide horretan ez duela atzerapausorik onartuko. Festetan indarkeria matxista egoerekin ardura handia dagoela iritzi dute, eta instituzio eta alderdi politikoek jarrera garbi eta irmoa erakutsi behar dutela defendatu dute. “Berdintasunarekin gaudela ozen esan eta gure jokaerek hori erakutsi beharko lukete”.
Mahai gaineratu diren proposamenak aurrera eramateko konpromisoa eta ausardia eskatu diete, azkeni,k udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiei. Era berean, udalbatza osatzen duten zinegotzi bakoitzari berdintasunarekin duten konpromisoarekin arduratsuak izan daitezela eskatu diote.