Bi urteren ondoren San Joan Sua ospatu dute
Euria berandu heldu zen San Joan Suaren festara. Hondarribiko Benta Zaharrean ongietorria eman zioten udarari.
San Joan egunaren bezperan ohikoa den bezala, hainbat jarduera antolatu zituzten Hondarribiko Benta Zaharrean. Hondarribia Hiria Musika Bandak girotu zuen festa. Hondarribiko kaleetatik ibili ondoren 20:00etan saio txiki bat eskaini zuten Bentan.
Saioa amaitzerakoan arraunlarien txanda izan zen. Itsas Etxea Auditoriumean Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlarien aurkezpena egin eta traineru berria bedeinkatu zuten. Zaletu ugari hurbildu zen aurtengo eskifaiak ezagutzera. Talde oso gazteak diren arren, arraunlariak ilusioz beterik eta gogotsu daudela azaldu zuten entrenatzaileek. Helburu orokorra estropadaro 100% ematea eta egindako lanarekin gustura geratzea izango da.
Aurkezpenaren ondoren, Hondarribiko herritarren begiradapean, Txomin Sagarzazu alkateak hiru traineruetako patroien laguntzarekin, San Joan Sua piztu zuten. Bien bitartean, Meakako Adixkideak Dantza Taldeak euskal dantza saioa eskaini zuen. Eta eguna ondo amaitzeko, bertaratu zirenek euskal produktuak dastatzeko aukera izan zuten.
Hona hemen atzoko zenbait argazki.