[Bideoa] Puerto I espetxea erre zuten atzoko San Joan gauean
Irungo presoak izan zituzten gogoan atzokoan. Horrez gain, Juanra 'Rojo' Gonzalezek bere oroitzapenen arabera sortu zuen erretako kartzela.
Moskuko plazan sua piztu eta Puerto I espetxearen maketa erre zuten atzo Irungo preso politikoak gogoratzeko eta haiei elkartasuna adierazteko. Era sinbolikoan euskal presoak herriko jaien parte direla adierazi zuen horrela Sortuk. Azken sua izan zenetik, duela hiru urte, salbuespenezko egoera ez dela aldatu nabarmendu zuen taldeak.
Ildo horretan, Aitor Olaizolak 21 urte preso daramatzala oroitu zuten eta egun Zaballako espetxean dagoela; Fermin Vila Mitxelena ‘Fermo’-k 12 urte bete ditu kartzelan, eta 246 km-tara dago Zuerako (Zaragoza) espetxean; Francisco Jose Ramada ‘Bera’ presoak, berriz, hirugarren gradua eskuratu du eta Martuteneko espetxean ari da kondena amaitzen; Iratxe Sorzabalek 7 urte daramatza preso Reauko (Frantzia) kartzelan, etxetik 810 kilometrotara.
Puerto I maketa
Aurten erre duten espetxea Puerto Santa Maria I espetxea izan da, eta Juanra Rojo Gonzalez Irungo preso ohiak eraiki du. Zazpi urte egin zituen preso 1992. urtetik aurrera bertan, guztira 21 urteko kondena bete zuen.
Cadizko espetxean zegoela noizbait kartzela hori erre egingo zuela pentsatu izana gogoan zuen Gonzalezek, eta Moskuko San Joan gaua aukera paregabea iruditu zitzaion bere hitza betetzeko. “Espetxe hori partikularra da, euskal preso politikoentzako oso espetxe gogorra izan baitzen. Lehenengo gradua bakarrik duen espetxe bakarra da Espainia osoan, eta erregimen itxiarekin”.
Ahalik eta antza gehien izan zezan maketak saiatu da irundarra, eta bere buruan geratu da patio txiki bat zuela espetxeak zeinetan pintada bat irakur zitekeen: “Isolamenduan nengoenean eta horretaz pentsatzen nuenean gogoratzen naiz patio txiki bat zegoela eta pintada txiki bat zegoela. Ez dut oroitzen, baina gero denborarekin irakurri nuen Joseba Sarrionandiaren liburu batean. Akordatzen izeneko liburua da eta 20 agujeros he recorrido el más oscuro me queda edo horrelako zerbait esaten zuen pintadak”.