Miren Etxebeste: “Jendea erasoak gelditzen ari da eta erasoen aurkako mezua zabaldu egin da”
Baikor agertu da Miren Etxebeste zinegotzia jendeak erasoei erantzuna ematen dielako. Ezkor, eraso matxistak gertatzen ari direlako.
Atzo hiru eraso matxista izan zirela salatu du gaur Itaia Bidasoak eta protokoloaren gainean galdetu dio gaur HITZA-k Miren Etxebesteri, Berdintasun zinegotziari.
Erasoetako bat taberna baten barruan izan da eta protokolo bat aktibatu zenuten tabernariei ere luzatu zaiena. Itaiak salatu du arreta oso eskasa izan zela langileen partetik.
Berrikusten ari gara zer nolako arreta jaso zuen. Egia da erantzuna bai izan zela egokia, azken batean, edozein eraso gertatzen denean lehenengo gauza egin behar dena delako salatu, poliziara deitu. Hori beti. Horrez gain, 24 orduko telefonoa eskaintzen zaie erasoa jasan dutenei, zeinetan hiru psikologo dauden, eta psikologo horiek ere puntu morean daude. Lehenengo polizian egiten da salaketa, erasoa izan den lekutik ez mugitzeko eskatzen zaio biktimari, eta 24 orduko telefonora deitzeko esaten zaie psikologoekin harremanetan jartzeko. Besterik ezin dute egin puntu moreko langileek.
Baloratzen ari gara ea benetan lasaitasun puntu hori eman zitzaion erasoa jasan zuenari. Izan ere, oso zaila da egoera, shock puntua dagoelako, jendetza… Baloratzen ari gara oro har puntu morearen funtzionamendua, eta bilerak egin ditugu gaur gai hau teknikoki aztertzeko, eta kasu konkretu honetan biktima nola artatu zen eta zein pertsona hurbildu ziren jakiteko. Ea protokoloa ongi ezarri zen, ea gero poliziara deitu zuten, ea asistentzia nola bideratu zen. Hori guztia doitzen ari gara. Bihar Kuadrillen Eguneko herri bazkaria dago, eta puntu morea egongo da berriz ere. Atzoko esperientzia ikusita, esan bezala, arreta nola hobetu behar den lantzen ari gara. Dena den, atzo tabernan erasoa jasan zuenak salaketa jarri du.
Beste bi erasoen berri izan duzu?
Bai, Ertzaintzan salaketa jaso dute. Ertzaintza hurbildu zen eta txosnako erasotzaileetako bat atxilotu zuten. Protokoloa, berez, ez zen aktibatu prebentzioa egin delako. Kalte fisikorik ez da izan, eta gure protokoloa batez ere eraso horietara dago bideratuta. Bada, poliziari deitu zion txosnetan erasoa jasan zuenetako batek, polizia bertaratu zen, eta erasotzailea atxilotu egin zuten.
Tabernako kasura itzuliz, neska bat gaizki sentitu zen eta bere lagunek puntu morera lagundu zioten. Ikus dezakegu baliabideak funtzionatzen duela jendea kontzientziatua dagoelako, eta erantzuna eman zaiolako berandu izan baino lehen. Ez bakarrik neskek, inguruak oro har. Jendea erasoak gelditzen ari da eta erasoen aurkako mezua zabaldu egin dela esan daiteke. Horregatik baikor, baina ezkor horrelako egoerak gertatzen jarraitzen dutelako. Prebentzioa lana horretarako dago, eta erasoak hasierako fasean, nolabait azaltzeko, geratzeko. Arreta eman zaio eta hobetu behar dela ziur gaude.