Bi urteren ondoren bueltan da Kai Fest
Hondarribiko Kirol Portuko Ostalaritza Elkarteak Kai ingurua dinamizatzeko eskaintza kultural eta jarduerak proposatu ditu.
Kai Fest-en laugarren edizioa izango da aurtengoa, pandemia medio, bi urtez antolatu ezinik izan baitira. Hondarribiko Kai ingurua dinamizatzeko eta bertan dauden ostalaritza aukerak ezagutzeko helburuarekin sortu zen ekimena da. Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotziak azaldu duenez “herriko beste zenbait gune indartu diren bezala kai guneari ikusgarritasuna emateko asmoz sortu zen”. Kai Fest kirol kaira bertaratzeko “beste aitzaki bat izango da”.
Urtetik urtera handitzen joan den festa da eta udalaren laguntza izan dute horretarako. Diru laguntzaren bidez urterik urte elementu berriak gehitu ahal izan dizkiote. Aurtengo edizioan, musika, zinema, merkataritza eta ostalaritza uztartuko dituzte.
Uztailaren 9an hasiko da eta eta urriaren 8an izango da azken eguna. Guztira 10 egun izango ditu Kai Fest-ek eta orotariko eskaintza egongo da: Kaimusika, Kaizinema, Kaimarket eta Kai pote-a (ostegunetan).
Egun handia, Kaieguna, abuztuaren 18an izango da eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Eguerdiko 12:00etatik gaueko 21:00ak arte mekatua, musika, zinema eta kai potea egongo dira.
Merkatua Eskuz-lan Bidasoko Artisau Elkarteak antolatuko du eta beraz, bertan parte hartu nahi duen orok Eskuz-lanekin zuzenean 630792488 telefonoan edo emailean kontaktuan jarri beharko du.
Musikari dagokionez Lanbroa, Impacto Vudú, Paul San Martin & The Faxke Cusin, Monterrey Surfers, La bona dela eta The Belates (Beatles-en kantuan bertsiotzen dituzten taldea) izango dira.