Dibertsitatea, errespetua eta maitasuna
Bosgarrenez, Hondarribiak Harrotasunaren Eguna ospatuko du Fenomena Kultur Elkartearen eta udalaren eskutik. Aurtengo leloa ‘Gure gorputzak, gure bizitzak, gure eskubideak’ da.
LGTBIQ+ Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna ekainaren 28an bada ere, Hondarribian, gaur (hilak 24) eta igandean (hilak 26) ospatuko dute. Urtero bezala, duela bost urtetik, Fenomena Kultur Elkarteak udalaren laguntzaz antolatu du LGTBIAQ+ Eguna. Aurten berezitasun batekin, gainera: bi egunetan ospatuko dute. Horrez gain, aldarrikapenez beteriko egunak izango dira. Izan ere, elkartetik azaldu dute kolektibo guztien egoera normalizatuta egon beharko litzatekeela jada, eta ekitaldia antolatu behar ez izatea gustatuko litzaiekeela: «Baina gizarteak kolektibo guztien eskubideak urratzen eta ukatzen jarraitzen duen bitartean horrelakoak antolatzea beharrezkoa da». Herriko jarduerek «harrera ona» izaten dutela azaldu dute Fenomenako kideek, baina aurtengoetara herritar gehiago bertaratzea gustatuko litzaiekeela azaldu dute, «ez emanaldiengatik bakarrik, horien atzean dagoen mezuagatik ere».
Aurten, gainera, kolektibo ezberdinetatik jaso dute ekitaldiak antolatzeko laguntza. Beste urteetan pregoilari ibili diren Lander Bergesena edo Jose Antonio Cortesena, adibidez.
Gaurko ekitaldia 19:00etan hasiko da. Urtero bezala, Arma Plaza Fundazioaren balkoian LGTBIAQ+ bandera jarriko dute, eta ondoren, pregoilarien txanda izango da, 19:15ean. Aurtengo protagonistak Monica Zamora irundarra eta Josune Lasa hondarribiarra izango dira. Edizio honetan lesbianen kolektiboari keinu bat egin nahi izan diote, eta horretarako, bi kide horien hausnarketak jasotzea polita izan zitekeela pentsatu zuten. 20:00etatik aurrera Nacho Laborda DJaren kontzertuarekin bukatuko dute gaurko saioa.
Film laburrak
Jose Antonio Cortes irakasle, eta zinemagile hondarribiarra da. 2019ko pregoilaria izan zen, eta aurten, arlo kulturaletik egingo du ekarpena. Etzi, Itsas Etxea Auditoriumean (19:00ean), bi film labur aurkeztuko ditu: Red Bay (2021) eta La Carga (2022). «Azken horrek, mezu gogorra du. Minetik eta amorrutik sortua izan baita», azaldu du egileak: «Ikusleei ukabilkada bat emateko saiakera da». Sarrera doan izango da, baina gonbidapena eskuratu behar da.