[Elkarrizketa] "Drag-a arma politiko gisa erabili behar da"
Garazi Fantasy, Fantasy Queen drag bikotearen parte da, eta tailer eta ‘dragbingo’ bat gidatzeagatik egin dira ezagun. Norbere zirkunstantzietatik izan behar dela drag defendatu du Fantasyk.
Nor da Garazi Fantasy?
Garazi Iker Monterotik dator, eta Ikerrek bizitza osoan zehar izan du Garazi hor. Gogoan dut hiru urte nituenean Ikerrek amaren eta izebaren arropak janzten zituela. Egia esan giro oso femeninoan hazi naiz. Nire izebetako bat, zeinarekin asteburuetan elkarrekin bizi ginen, asko makillatzen zen eta nire erosotasun gunea zen bere etxea; nahi nuen bezala jantzi eta nahi nuenera jolastu nintekeen. Garazi ni naizena izaten utzi didan familia baten maitasunetik sortu da. Egia da kide asko amorrutik jaiotzen direla, erasoetatik, baina ni alderantziz. Agian horregatik noa arrosaz jantzita eta oso zoriontsua naiz.
Zure drag hastapenak nolakoak izan ziren?
Jendaurrean drag hastapenak Bilboko jaietan hasi nituen, eta niretzat jendeak ezagutzen ez ninduen leku batera joatea izan zen. Ezezaguna nuelako bertako jendea erabaki nuen bertaratzea. Gainera, han baditut bi lagun drag-a maite dutena, bikote heterosexuala izanda ere. Izan ere, horrek ez du zerikusirik mundu hau gustatzearekin edo ez. Festetara joateko esan zidaten eta hala ibili ginen pandemia aurretik.
Fantasy Queensen parte zara Alicia Kissekin batera. Zer da Fantasy Queens?
Fantasy Queens da Alicia Kissek eta biok dugun taldea. Festan elkar ezagutu ginen, ia mundu guztia bezala. Zehazki, Iskina tabernak udaberriari ongi etorria emateko festa bat egin zuen, eta han ezagutu genuen elkar. Bat-bateko maitemina izan zen. Hortik aurrera elkarrekin gauzak egiten hasi ginen, eta Irunen akaso jendeak ez dakien arren, duela hilabete Su Txikianekin egin genuen tailerra lehenagotik egina genuen Donostian CNT sindikatuarekin. Hasieran uste nuena baino askoz hobe joan zen tailerra. Ez nuen sinesten gonbidatu zigutenik ere, lekuz kanpo ginela pentsatu nuen. Izan ere, tailerraren informazio orria begiratu, eta Cheri [Guevara] edo oso gai komunistei buruzko hitzaldiak zeuden, eta gu agian ez gara estereotipo komunistaren eredu… Hala eta guztiz ere, oso tolerantea izan zen jendea, eta gainera, haur mordo batek hartu zuen parte. Aldiz, Su Txikianenean ez zuten hainbeste haurrek parte hartu, kale jakin batean geundelako. Bestea plaza ireki batean izan zelako izan zen horrela agian. Donostiakoan neska batek parte hartu zuen, geroago Harrotasunaren desfilera Irunera etorri zena, eta Aliciarengana gerturatu zen. Orduan, drag izan nahi zuela esan zigun. Horretarako sortu zen Fantasy Queens, daukagun on guztia erakusteko eta gauza onak ateratzeko. Bai, gauza ezkorrak ere badaude, baina gauza guztietan bezala. Kontu txarrek ez eragitea lortu behar da. Askotan, drag jantziarekin noanean emakume batekin nahasten naute, eta nire kasuan, edozein emakumek sufritzen duen matxismoa eta sexismoa jasaten ditut.
Zure burua gizon zis bezala definitzen duzu, ezta?
Hori da. Gizon zisa naiz, eta egia esateko ez dakit zer portzentaietan naizen bata edo bestea. Ez naiz inoiz jarri pentsatzen nitik zenbat den Garazi, eta zenbat den Iker.
Apirila bukaeran Su Txikianen ostiral feminista gidatu zenuten, eta automakillaje tailer eta dragbingo bat egin zenuten. Tailerraren hasieran azaldu zenuten nondik zetorren drag izatea, eta azaldu zenuten ez dadila bilatu drag popularrena izatea, eredu gisa RuPaul drag-a jarriz.
RuPaulek mundu osoan zabaldu du drag-a, lehen underground eremuetakoa zelako nire ustez, eta RuPaulek komertzializatu egin zuen. Alde batetik positiboa da, drag-en figura ezagutarazi zituelako, baina agian beste aldetik ez, egia delako hasten ari den edozein neskatok pentsatzen duela drag izatea RuPaul izatea baino ez dela, eta ez da horrela. Drag- a makillatzea da, janztea… ez duzu Miss Unibertso izan behar drag izateko. Uste dut egiten duzuna gustatzearekin nahikoa dela. Ez dago edertasunaren estetikari lotuta, normalean hainbat drag elkartzen direnean ez baitute edertasun lehiaketarik egiten. Eta argi eta garbi azaldu genuen tailerraren hasieran jendea frustratu ez zedin bekainak lehen al- diz estali eta bi ogi ateratzen zaizkizula. Auto-makillaje tailerra ere horretarako da, drag-ari buruzko oinarrizko nozioak emateko eta betile postizoak eramatea zein deserosoa den ikus dezaten. Ilusioa egin zidan makillatzen zekiten neskak gerturatu izana.
Irakurleren batek ez du jakingo nor den RuPaul.
RuPaul Drag Race drag telesail bat da, RuPaul deituriko Kaliforniako drag bat dena protagonista. Ileorde gisa kamiseta bat janzten hasi zen, eta orain jet pribatu bat du Los Angelesetik asteburu pasa Pariseraino bidaiatzeko erabiltzen duena. Behe-behetik hasi zen eta orain goian dago. Ustez, drag osoena bilatzen duen reality bat da seriea, eta bertsio desberdinak daude, besteak beste, estatubatuarra, ingelesa, espainiarra… Lehiaketak 360 graduetan osoak izan daitezen sustatzen du, hau da, modelatzen, abesten edota antzezten jakin behar dute bertako lehiakideek. Baina nire iritziz ez da denetik egiten jakin behar inork ez dakielako dena ongi egiten. Azken batean RuPaul ereduetako bat da, drag egiten du, baina ez da drag izateko modu bakarra.
Garbiketa arrosa existitzen den moduan drag-arekin ere gauza berbera gertatzen dela uste duzu?
Nik uste dut RuPaulek kapitalismorik basatiena erabiltzen duela horretaz baliatzeko. Nik ez dut imajinatzen RuPaul kalean tailer bat egiten haurrekin edo adinekoekin. Agian horrela hasi zen? Baliteke. Agian intoxikatu egin dela? Arrakasta lortzen duten pertsona gehienak bezala. Pena da, baina uste dut badela dragwashing bat.
Yogurinha Borova Euskal Herriko erreferenteetako bat al da?
Bai, gainera drag izatea arma politiko gisa erabili behar da, Borovak egiten duen moduan, drag-a izatea politikoa delako. Nik horrela jantzita badakit jende asko izutu egiten dudala, buruak ez- tanda egiten die ni ikusitakoan. Makillatzen naizen bakoitzean izutuko dudan norbait egongo dela uste dut, baina ez bekaina eginda daukadalako, baizik eta ni naizenagatik. Yogurinha Borova adibide bat da, baita Killer Queen ere, Madrilgo drag bat, medikua dena. Horrek bai buru asko lehertzen dituela: drag bat sozialki errespetatua den lanbide batean aritzea eta aldi berean drag izatea oso politikoa izatea da. Bera ere ni bezalakoa da, drag izatea politikoa dela defendatzen du. Bere abestien hitzak oso aldarrikatzaileak dira eta mezu horiek transmititzea drag izatea ere bada. Hori RuPaulek ez du egiten.
Eta hori transmititzen saiatu zarete zuen tailerretan. Fantasy Queensen asmoa tailerrekin jarraitzea al da? Nora iritsi nahi duzue?
Egia esan, bingodrag-arekin eta tailerrekin jarraitu nahi dugu. Niri gustatuko litzaidake Hazia nirekin harremanetan jartzea eta galdetzea ea halako egunean beste bingo bat edo dena delakoa egin dezakegun. Oso prest egongo nintzateke, uste dudalako beharrezkoa dela hori egitea, ikustea, ikusaraztea, eta uste dut aurreko aldian hori bete egin genuela. Jendeari gustatu zitzaiola uste dut. Kalea bete genuen, eta ezagutzen ez nuen jende askok idatzi zidan oso ondo pasatu zuela esateko. Beti izan ohi dut ziurtasun eza gustukoa izango ote denaren gainean, baina nire armak garatu ditut egiten dudanarekin gustura sentitzeko. Adibidez, Irungo tailerrean mutil bat zirikatzen aritu zen, eta egia esan, horrek jokoa eman zidan. Kasu horietan asko erabiltzen dut erretorika. Gero mutil hori hurbildu zitzaidan eta esan zidan asko gustatu zitzaiola.
LGTBIQ+ kolektiboaren parte zara eta espazio libreak lortzea borroka bat izan daiteke.
Ezagutzen zaituen jendeak edo sare sozialek asko laguntzen dute horretan. Azkenean, gauza batek bestera eramaten zaitu. Txorakeria dirudi, baina Alicia ezagutu nuenean tailer batean parte hartzeko esan zidan. Gero, azkenean, orain zu bezalako jendea ezagutzen duzu, elkarrizketa hau egiten didazu, eta batek daki norbait nirekin harremanetan jarriko ote den elkarrizketa hau irakurrita. Batzuetan gauzak gehiagotan gertatzen dira horrela, ateak jotzera joanda baino. Jende askok babesten du kolektiboa eta laguntzen dizu.
Ikusi al duzu Ekainaren 28rako Irungo Udalaren egitaraua?
Bai, eta 12:00etako ekitaldia oso eskas geratzen dela uste dut. Zaila da, Irunen gatazka asko daudelako konpontzeko, baina penagarria da jaiengatik ezer egin ezin izatea. Badirudi pinkwashinga garela. Dena den, zerbait egin nahi izanez gero, egin liteke, ez dira jaietako gauzekin nahastu behar eta eguna oso luzea da.