Atzoko hiru eraso matxista salatuko dituzte gaur arratsaldean Itaiak deituta
Erasotzaileetako batek aurrekariak ditu. Elkarretaratzea deitu du Bidasoko Itaiak gaur San Juan plazan 19:00etan.
Atzo hiru eraso matxisten salaketak jaso zituztela jakinarazi du Itaia Bidasoak. Orain arte ez dutela beste erasoren baten berri izan azaldu du taldeak, baina txosnetan lanean ibili diren emakumeek lekuz kanpoko iruzkinak jasan behar izan dituztela deitoratu dute.
Hiru kasu ezberdin izan dira erasoak. Horietako bat 25 urteko gizon batek eragin zuen zeinek aurretik beste eraso batzuengatik txosna gune, taberna zein beste inguru batzuetatik kaleratua izan den. Mosku auzoko taberna batean sarrera debekatua daukala ere ohartarazi du bere izena eman nahi izan ez duen auzotar batek. Atzokoan Mugimendu Sozialistaren txosnan zegoela emakume bat inkrepatu eta inguruko adingabeko neskei iruzkin lizunak egin zizkien dagoeneko ezaguna den erasotzaileak.
Momentuan erasotzailea babesten ari ziren lagunak erasotzailearen kanporaketa gauzatzen ez uzteagatik kanporatu zituztela ere adierazi du Itaiak. “Bere lagunek sare sozialetan euren burua babestu eta kanporaketa gaitzetsi dute. Bere iraganeko erasoen berri dute eta momentuan garrantzia kendu zioten eta kanporaketa oztopatu zuten”.
Eraso matxista honen ondoren, adingabeko neska bat Itaiako bi militanterengana gerturatu eta bere lagun bat drogatu egin zutelako laguntza eskatu zuen. Taldeak zehaztu du inguruko taberna batean izan zela drogatua biktima. Horretarako, Irungo Udalak protokolo bat jarri du martxan jaietarako eta biktimak eta bere lagunak hori aplikatzeko eskatu zutenean babes eskasa jaso izana salatu dute: “Bertako langile batengana hurbildu ginen anbulantzia non zegoen galdetzeko eta bere erantzuna egin zitekeen gauza bakarra polizia deitzea zela izan zen, eskuorri bat eman zigun eta joan zen”.
Azken erasoa txosnak itxi zirenean gertatu zen. Gauean zehar txosna guztietatik kaleratua izan zen gizon batek etxera joaten ari zen hiru neska jarraitu zituen eta horietako bati musu ematen saiatu eta zakila erakutsi zion erasotzaileak. “Gertakaria eta gero, beste txosnetako jendearekin batera, berriro ere kanporatua izan zen”.
Itaiak ohartarazi du oraindik zazpi festa egun geratzen direla eta “indarkeria matxista jai eredu kapitalistaren espresio nagusietako bat den horretan, eraso gehiago gerta daitezkeela jakitun gara”. Elkarretaratzea deitu dute gaurko 19:00etan San Juan plazan indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak sortze aldera eta erasoak salatzeko.