[Elkarrizketa] "Irunera iritsita inork ez du espero igaro ezin daitekeen muga bat topatzerik"
Abdourramane Bahren heriotza beste kolpe bat izan da, eta arazoak ez dirudi konpontzeko bidean denik: azken asteetan migratzaileen fluxua igo dela jakinarazi du Mendigutxiak, eta horrek arriskuak hartzeko aukerak areagotzen dituela.
Elkarrizketa hau 2022-06-24ko papereko edizioan argitaratutakoaren bertsio luzea da.
Zein giro sortu du Irungo Harrera Sarea (IHS) eta migratzaileen artean heriotza berri honek?
Ikusten ari zen pasatu behar zela, esaten ari ginen. Guk izugarrizko kolpea jasotzen dugu, moralki, horrelakoak gertatzen direnean. Kontziente gara Atlantikoa eta Mediterraneoan gertatzen denaz, baina hau gure etxean gertatzen ari da. Inpotentzia handiarekin geratzen gara, eta susmoarekin berriro gertatuko dela eta ezin dugula ezer egin.
Ezaguna zenuten?
Plazatik pasatu zen. Bera ez zegoen bakarrik. Hiru mutil zirela uste dut. Besteek lortu zuten beste aldera iristea. Normalean, ia denak plazatik pasatzen dira.
Zein izaten da migranteen erreakzioa horrelako berri baten aurrean?
Larunbatean goizean bertan, baziren hogei bat pertsona plazan, eta komentatu genien lehen gauza izan zen pertsona bat agertu zela itota Bidasoan. Beraiek hori modu batera normalizatuta dute. Beraien bidaia nahiko gogorra da, eta askotan ikusten dute jendea bidean hiltzen, askotan ikusten dute jendea itsasoan itotzen… Beraz, bidean beste bat gehiago galduko balitz bezala ikusten dute. Asumitua daukate bidean bizia gal dezaketela eta aurrera jarraitu behar dute, eta atzera ez begiratu.
Irunera iristen direnean, ia euren helmugara, espero dute hemen ere arrisku hori izango dutela?
Beraien bidean badakite non duten arrisku gehien: basamortua igarotzen dute, Afrika osoa; gero, Mediterraneoa edo Atlantikoa… Hor badakite arrisku handia daukatela. Beraiek ez dakite, ordea, Irunera iristean edo Europan egotean beren bizitza arriskuan egon daitekeenik. Inork ez du espero Irunera iritsi eta igaro ezin duzun muga bat aurkitu eta bizitza gal dezaketenik.
Heriotzekin zerrenda bat sortzen ari da, eta arazoa ez dirudi konpontzeko bidean denik…
Azken heriotza honekin egon dira agian diskurtso zertxobait desberdinak, pixka bat gogorragoak… Baina instituzioek berdin jarraitzen dute. Guk gauza bera esaten jarraitzen dugu, bi gauza direla salatzeko: bata, estatuek eskatu behar diote Frantziari muga hori irekitzea, legez kanpokoa delako eta kontrol arrazistak direlako. Bestea Irunen ematen zaien harrera da; ez da beraiek behar dutena. Irungo egonaldia muga gurutzatzearen araberakoa da: hemen ez daude oporretan eta ez dute hemen geratu nahi. Beraz, Gurutze Gorriak esaten badie ‘hiru egun dituzue hemen geratzeko’ edo ‘bihar ezin zara hemen gelditu’, zerbait larria gertatzeko arriskua areagotzen du.
Zein itxaropen daukazue eskaera horiekiko?
Lau urteren ondoren, itxaropenik batere ez. Arraroa da Abdourramanekin gertatu dena: bere gorpua azaldu zen Hendaia aldean, eta ekarri zuten alde honetara. Hori zer da? Hilotz baten berehalako kanporatze bat? Beraz, itxaropen gutxi. Ez dakit noraino ailegatu behar garen, ez zenbat itxaron behar dugun, 50 pertsona hiltzea Bidasoan? Izugarria litzateke.
Kartel berezia prestatu zenuten elkarretaratzeko deialdiarekin: Bidasoan hildako migrante guztien izenekin.
Bai. Hauek ez dira izenik gabeko edo familiarik gabeko pertsonak; gu bezalakoak dira. Beti kontuan eduki behar dira beraien izen eta abizenak, eta kontuan eduki behar da, hasteko, oso gazteak direla, 20-25 urte, familia daukatela eta pertsonak direla, ez zenbakiak.
Gainera, oraindik pertsona bat dago desagertuta, apiriletik.
Endarlatsa inguruan, mendian, desagertu zen, eta menditik behera erori zen. Ez dakigu ezer gehiago. Kontatu zuten beste biak ere desagertu dira, beren bidaia jarraitu dute. Bilaketa dispositibo bat egin zuten, baina hor geratu da. Printzipioz, desagertua, ez dakigu ezer gehiago
Migratzaileen fluxua nolakoa da une honetan?
Fluxua igo da azken bi asteetan, eta iragarpena da igotzen jarraitzea. Balearretara jende asko sartzen ari da Aljeriatik; Kanarietara ere jende asko sartzen ari da, eta Ceuta eta Melillatik ere jendea iristen ari da Irunera. Fluxua igotzen bada, ezbehar bat gertatzeko aukerak areagotzen dira.
Arriskua handituko du arrisku hori ekiditeko baldintzak berdin jarraitzen badute…
Hori da. Gainera, esaten ari ginen, bagenekielako jendea Bidasoan barrena pasatzen ari zela. Hendaia edo Biriatura igarotzen dira, eta esaten digute. Ohartarazten ari ginen, eta gertatu da. Fluxua igotzen bada, gehi muga pasatzea kostatzen ari zaiena, gehi Gurutze Gorriak kalean uzten baditu. Guztiak batuz gero, emaitza da ‘hildako bat Bidasoan’.
Nola ikusten dituzue migratzaileak animikoki?
Azken egunetan oso urduri ikusten ditugu, eta nabaritzen zaie etsita daudela. Joan den ostiralean baziren bi mutil zazpi edo zortzi aldiz saiatu zirenak, eta ez zutenak lortzen. Plazara etorri ziren eta eskatu ziguten taxi mafia, bakoitzak 100 euro ordain zitzakeela. Guk esan genien ez dugula horrelakorik egiten, eta ez ditugula ezagutzen ere. Horrela ikusterakoan, burutik pasatzen zaigu taxirik ezean Bidasoa ibaira joango direla. Lasaitzen saiatzen gara, baina oso zaila da, guk ezin diegu sokarik eman.
Mafia horiek noiztik daude?
Hasieratik, duela lau urte ere baziren. Beraien inguruan beti dago mafia, etxetik ateratzen diren unetik, ‘laguntzeko’ diru kopuru izugarri baten truke. Hemen jarraitzen dute, eta ‘lana’ egiten. Askotan, gainera, lapurtzen edo engainatzen dituzte migranteak. Adibidez, Bera edo Etxalarren botata uzten dituzte esanez Frantzian daudela, eta hemen jarraitzen dute dirurik gabe. Hori ere askotan salatu dugu, baina hori poliziaren lana da. Ez badute egin nahi…