Elkarlana eta presioa arintzea eskatu zion atzo IHS-k Eusko Jaurlaritzari
Legebiltzarreko hiru ordezkari bildu ziren atzo Irungo Harrera Sarearekin San Juan plazan, lehen eskutik Irungo taldearen beharrak ezagutzeko.
Atzo Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideek Irun bisitatu zuten migrazioari lotutako aferak lehen eskutik ezagutzeko. Egun osoko ibilbidea egin zuten, eta goizean, Oñati eta Tolosako Eusko Jaurlaritzaren baliabideetara joan baziren, arratsaldean Santiago zubia bisitatu eta Irungo Harrera Sarearekin bildu ziren.
Guztira Lakuako hiru ordezkari izan ziren bertan, Maitane Ipinazar EAJ ordezkatuz, Mikel Otero EH Bildu ordezkatuz eta David Soto Elkarrekin-Podemos ordezkatuz. Oterok azaldu zuen San Juan plazara egindako bisita borondatez egin zutela, ez zegoela ibilbide ofizialaren barruan. Mahai berean izan ziren ere Josune Mendigutxia eta Ion Aranguren, IHS-ko kideak.
Legebiltzarkideek IHS eta migratzaileek zein behar dituzten jakin nahi izan zuten, eta Mendigutxiak argi erantzun zien jaurlaritzarekin “elkarlana” dela batez ere behar dena. Era horretan, bai Hilanderaseko baliabideetan IHS-k migranteen eskutik jasotako beharrak zeintzuk diren ahalko dietelako luzatu; Mendigutxiaren hitzetan herritarrak dira egunero boluntario lanak egiten dabiltzanak eta gabeziak entzuten dituztenak, baita hobetzeko proposamenak dituztenak ere.
Sinesgarritasuna ere izan zuten hizketagai, IHS-ren eta Gurutze Gorriak ez baitute istorio berdinen gaineko kontakizun bera izan kasu batzuetan. Batez ere irizpideei dagokienak dira desadostasunak, IHS-k denentzako harrera bera ez dela egiten salatzen duelako eta Gurutze Gorriak hori ukatu egin izan du Mendigutxiaren arabera. Arazo horri aurre egiteko komunikazioa eta elkarlana defenditu zituen berriz ere Mendigutxiak.
Harrera Sareak berretsi egin zuen Irun eta Hendaia arteko kontrol arrazistak kentzearen eskumena Frantziako Gobernuarena dela, baina jaurlaritzak “migranteek jasaten duten presioa” arintzen lagun dezaketela adierazi zuen. Izan ere, joan den astean Abdourraman Bahren gorpua agertu zenean, IHS-k azaleratu zuen Gurutze Gorriak presioa sartzen diela migratzaileei baliabidea utz dezaten eta bidea jarrai dezaten. “Baina bidean aurrera egin ahal izatea ez da beraien eskuetan egoten”.
Arangurenek azaldu zuen Hilanderasen “baldintzak malgutu” egin ohi dituztela gau gutxi geratzen zaienei, baina presio hori gainean edukitzeak ondorio lazgarriak ekartzen dituela zehaztu zuen. Beste behin Gurutze Gorriaren irizpideak zeintzuk diren jakitea galdegin zuen taldeko kideak.