Udal garbitzaileek hitza hartu dute atzoko osoko bilkuran
Bienvenida Emazabel Susperregi plaza hiriko izendegira gehitzea, 2021eko Kontu Orokorra eta Etxez Etxeko laguntza zerbitzu kontratua beste urtebete luzatzea onartu dute.
Atzo, hilak 22, ekaineko osoko bilkura egin zuten udaletxean. Ia lau ordu iraun zituen eta zenbait eztabaida sortu ziren bertan. Bilkura minutu bateko isilunearekin hasi zen, asteburuan zendu zen Abderraman Bas migratzailearen eta haren aurretik hildako migratzaileen omenez.
Onartutakoak
Bienvenida Emazabel Susperregi plaza hiriko izendegira gehitzea onartu zen, EAJ eta Abotsanitzen aldeko bozkarekin eta PSE-EE eta EH Bilduren abstentzioarekin.
2021eko Kontu Orokorra onartu zuten. EAJren aldeko bozkarekin eta oposizioaren kontrako bozkarekin. Udal oposizioak, EAJri, onartzen den diru kopuru handi bat exekutatzeko gai ez dela leporatu zion.
Etxez Etxeko laguntza zerbitzu kontratua beste urtebete luzatzea onartu zuten. EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko eta Abotsanitzen aurkako bozkarekin. Izan ere, Abotsanitzeko bozeramaileak azaldu zuenez zerbitzua azpikontratatua egotearen kontra daude.
Ez onartutakoak
Udal eraikinen garbitzaileak osoko bilkuran izan ziren beren egoera korporazioari azaltzeko. Gobernuari negoziazioen baldintzak eta oinarriak ezarri zitzan eskatu zioten, bai eta soldata arrakala murriztea eta enplegu politikak hobetzea ere (kontratazioa, jarraipena eta abar). Hitza hartu ondoren, Abotsanitzek eta EH Bilduk aurkeztutako proposamena bozkatzeari ekin zioten, garbitzaileek eskatutakoak onar zitzaten. Oposizioak alde bozkatu zuen, EAJk, berriz, kontra. Garbitzaileak aipatutako “immobilismoarekin” desados agertu ziren, eta langileek eta enpresak negoziatzen dutena entzuteko eta aztertzeko prest zeudela azaldu zuen Juan Mari Altuna alkateordeak. Osoko bilkuraren aurretik udaletxearen parean “garbikuntza borrokan” oihukatu zuten udal garbitzaileek.
Proposamen horretaz gain, oposizioak bost mozio aurkeztu zituen. Ez zen bat bera ere aurrera atera. EH Bilduk hirietako Osakidetzaren osasun etxeak ixtearen aurkako mozioa aurkeztu zuen. PSE-EEk kirol kaietako amarreak arautzeko beharra azaldu zuen. Eta azken hiru mozioak Abotsanitzek aurkeztu zituen: Arkolla auzoko saneamendu lanak burutzeko, etxebizitzak birgaitzeko diru laguntza lerro berria Diru laguntza Plan Estrategikoan sar dadin eskatzen duena, eta zerbitzuen kontratazioari buruzkoa.