Udaltzaingoak jaietarako geolokalizazio tresna bat sortu du
Momentu oro jende pilaketak dauden jakin ahalko dute, eta hornidura puntuak markatuta egongo dira. Bihar jarriko dute martxan uztailaren 1era arte.

Udaltzaingoak sanpedro eta sanmartzial jaien karietara hartu dituen neurrien berri eman du Cristina Laborda Udaltzaingoko ordezkariak.
Zehazki, Udaltzaingoak protokolo bat prestatu duela jakinarazi du Labordak “ekitaldiak behar bezala doazela bermatzeko” eta Babes Zibileko planaren aktibazioaren baitan kudeatuko da aipatutako plana, bihartik uztailaren 1era arte. Horrez gain, bizikidetza eta errespetua jaiarekin uztartzeko mezuak zabaldu dituzte.
Iaz jarri zuten martxan plana eta jorratutako puntuetako bat gizatalde handien pilaketak ekiditea da. Horretarako “arau esparru” bat dutela azaldu du zinegotziak “segurtasun kontuetan baliabideak mobilizatzeko, larrialdi zerbitzu guztiek osatutako aginte bakar baten bidez eta Ertzaintzarekin koordinatuta”.
Geolokalizazioa
Barne erabilerako aplikazio bat sortu dutela Hirigintza arloko geolokalizazio zerbitzuarekin elkarlanean ere jakinarazi du ordezkariak, eta lagungarri izango dela uste dute larrialdi zerbitzuentzat egun hauetako lanerako.
Izan ere, tresna horren bidez egun bakoitzean Irunen programatuta dauden jai jarduerak mapa batean ikusi ahalko dira, eta segurtasun perimetro eta tresnak, hala nola, suhiltzaileen hornidura puntuak zeintzuk diren jakiteko balioko du ere. Kontrol panel gisa erabiliko dutela adierazi dute.
“Puntu estrategiko guztien egoera ikusteko egunaren eta orduaren arabera eta kontrol-koadro bakar batean, beharrezko datu guztiak pantaila bakar batean zentralizatuta” azaldu du ordezkariak.
Labordak udaltzainen lana goraipatu du eta baita haien lana eskertu du ere, batez ere egun hauetako lana. Garrantzitsua dela herritar guztien ekarpena eta ordenantzak betetzea, jokamolde eta jarrera egokiekin nabarmendu nahi izan du azkenik.