Santiagotarrak-eko ordezkariak finaletik kanpo geratu dira Eslalomeko Munduko Kopako bigarren saioan
Santiagotarrak-ek hiru ordezkari eraman ditu Krakoviara (Polonia): Klara Olazabal, Ander Elosegi eta Joan Crespo.
Santiagotarrak-eko piraguistak Polonian izan ziren joan den asteburuan, Eslalomeko Munduko Kopako bigarren proba jokatu baitzen Krakovian. Santiagotarreko hiru ordezkariek ez zuten finalera sailkatzerik izan.
Klara Olazabalek K1, C1 eta Extrem modalitateetan parte hartu zuen, Ander Elosegik C1ean, eta Joan Crespok K1 eta Extremean. Emaitzarik onenak Extremean lortu zituzten Olazabal eta Crespok, biek hemeretzigarren bukatu baitzuten.
C1ean, berriz, finalerdietara sailkatzea lortu zuten Olazabal eta Elosegik, baina hor geratu ziren, Elosegik hogeigarren izan baitzen, eta Olazabal hogeita zortzigarren.
Ur bizietako nazioarteko kirolarien hurrengo hitzordua Ljubljanan izango da, Eslalomeko Munduko Kopako hirugarren probarekin.
Bestalde, Santiagotarrak-eko ur bizietako eskolarrek Eskola Jokoen bosgarren proba jokatu zuten joan den larunbatean Ereñotzun, eta bigarren geratu ziren.