"Urduritasunez eta ilusioz biziko ditugu aurtengo sanmartzialak"
Elkartearen ehungarren urteurrena dela eta, aurtengo jaietan egunero irtengo dira konpartsako erraldoiak kaleetara. Erronka izango da, baina gogotsu daude.
Erraldoiak biltegian dituzue. Ateratzeko gogoz izango dira, ezta?
Bai. Beti esaten dugun moduan, nahiago izaten ditugu erraldoiak kalean pabiloian baino, eta gogoarekin gaude kalera ateratzeko.
Zenbat denbora pasatu dute irten gabe?
Irten gabe ez dira egon, momentu puntualetan atera ahal izan direlako: ospakizun berezietan, Inauterietan eta erregeetan… Sanmartzialak izaten dira urteko momenturik gorena. Lehengo urtean ez zen sanmartzialik egin, duela bi urte Ficoban egon ziren ikusgai… eta, beraz, hiru urte dira sanmartzialetan kalera irten ez direla.
Aurten, kalera irtengo dira, eta oso urte berezian, gainera…
Bai. Atsegiñak 100 urte betetzen ditu. Urteurrena delako, eta kalean egotea gustatzen zaigulako, udalari proposatu genion egunero ateratzeko aukera aztertzeko, eta baiezkoa eman zigun. Beraz, aurten lehen aldiz erraldoiak egunero egongo dira kaleetan.
Inoiz baino presenteago egongo direnez, nola antolatuko zarete?
Printzipioz, konpartsan ibiltzen garen pertsonok beteko dugu egunerokoan behar dena. Pentsatu zortzi erraldoi direla. Egoera onena izaten da hiru pertsona izatea erraldoi bakoitzeko; beraz, 24 pertsona erraldoiak eramateko gehi musikariak: 30 pertsona beharko ditugu irtenaldi bakoitzean. Gogoratu behar da ere 23tik 29ra lanegunak ditugula, eta ordutegiak ondo antolatu behar izan ditugu udalarekin. Koordinazio lan asko egin da bermatzeko egunero egongo direla erraldoiak kalean.
Sanmartzialak nola biziko dituzue barrutik?
Normalean 23an, 28an eta 29an ateratzen gara, eta aurten egunero irtenda, urduritasunez eta ilusioz biziko ditugu festak. Espero dugu eguraldi ona egitea, euria egiten badu ezin ditugulako erraldoiak atera.
Konpartsetan zabiltzatenak grina berezia daukazue erraldoiekiko, ezta?
Bai. Haurrekin gertatzen den fenomeno antzeko bat izaten da. Haurren artean zaletasun handia dago erraldoiekiko. Orain, asko ibiltzen dira jolasten gomazko erraldoiekin, adibidez. Helduekin ere gauza bera gertatzen da: bagaude erraldoia mugitzeko grina dugun jende asko, eta, gero, belaunaldi arteko jauzi bat ematen da, eta helduagoa zarenean nostalgia puntu batekin ikusten ditugu erraldoiak. Hiru momentu izaten dira: txikia zarenean, gazte-heldu momentu horretan erraldoiak mugitzeko prest zaudenean, eta, gero, helduagoa zarenean, zure haurrak eramaten dituzu erraldoiak ikustera edo erraldoiak bizitzera.
Erraldoi bat mugitzeak izango du bere teknika. Entseguak egiten dituzue?
Entseguak izaten dira batez ere koreografientzako. Gero, erraldoi bat eramatea ez da hainbeste indar kontua koordinaziokoa baizik. Barrutik erraldoia hartzeko hainbat modu daude: sorbaldan eta buruan pausatzen dituzu erraldoiak. Altxatzen duzunean erraldoiak oreka puntu bat hartzen du; bere pisu guztia oso ondo neurtuta dago. Eta, gero, mugitzea da. Oinez ibiltzen zarenean, erraldoiak lagundu egiten zaitu, eta pisua kontrolatzen baldin baduzu leku batetik bestera, erraldoi bat eramatea ez da hain zaila. Gure erraldoiek 45-55 kilo artean izaten dituzte. Indar fisikoa baino abilezia edo oreka puntua bilatzen izaten da gakoa.
Konpartsan edonork parte har dezake?
Gure konpartsan parte hartu edo informazioa eskatu nahi bada sare sozialetan gaude; prest gaude mundu guztia hartzeko. Neskei ere irekitzen diegu deialdia. Askotan beldurrez izaten dira, baina esan behar da teknika ikasita, erraza egingo zaiela erraldoi bat eramatea