Irungo herri eragileen txosnara joateko deia egin dute
Hazia Kultur Elkartea, Su Txikian, Ziztaka, Lakaxita Gaztetxea eta Moskuko Jai Batzordearen artean kudeatuko dute.
Txosnak martxan direla, herri eragileek euren txosnara hurbiltzeko deia egin dute. Txosna hori bost eragileren artean eramango dute: Hazia kultur elkartea, Su Txikian, Ziztaka, Lakaxita Gaztetxea eta Moskuko Jai Batzordea.
Txosnak irekita egongo diren hamabost egunetan hainbat txanda eta sukalde lan egin beharko dituzte, eta urte guztian zehar egindako elkarlana jaietara ere eramango dutela adierazi dute, “espazio herrikoi, feminista, euskaldun eta seguru bat eskaintzeko”. Izan ere, jaietan aske izan eta aske gozatzea erronka dela nabarmendu dute.
Eragile horiek guztiak Euskal Herriaren burujabetzaren alde lanean ari direla adierazi dute: “Sumisio eta heriotza eskaintzen duten hauei soilik bizitzaren aniztasunetik, herri-mugimendu bizi, alai eta borrokalaritik izango dugu erantzuterik”.
Sistemak txoko guztiak bere egiten dituela gogorarazi dute, eta horren isla direla jaiak ere. Horren adibide gisa jarri ditu jaiak eta alardea, eta 2022an ere oraindik alarde publiko eta bakar gabe jarraitzen dutela, “indarkeria patriarkala naturalizatze bidean doa”. Jaia, ordea, “musika, dantza, aspaldiko lagunekin elkartzea, ligatzea eta gozatzea” ere badela azaldu du. Zentzu horretan, Irungo herri mugimenduak jaiek txosna gunea izan dezaten lan andana egin duela hainbat urtetan gogorarazi du.