Irungo Erraldoia Saria jasoko dute osasun langileek
Kolektiboa osatzen duten zortzi lagunek jasoko dute Atsegiña elkartearen saria, larunbatean, 13:00etan, udaletxeko areto nagusian.
2022ko Irungo Erraldoia Saria osasun langileek jasoko dutela jakinarazi du sarien antolatzaileak, Atsegiña elkarteak. Saria jaso aurretik ere “erraldoiak” direla nabarmendu du elkarteak. Sari banaketa larunbatean izango da, 13:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Aurtengo urteurren berezian, osasungintza arloko zortzi lagunei entregatuko die: Jesus Francisco Lorenzo Lorenzo (medikua), Etxaurren Madariaga Gardeazabal (erizaina), Montserrat Navarro Jorba (erizaintzako laguntzailea), Santiago Chaverri Malaga (zaindaria), Virginia Caro Casado (laborategi teknikaria), Renata Gomes Maria (zerbitzu osagarriak), Ixone Machado Teran (administrari laguntzailea) eta Marina Guisasola Agra (farmazialaria).
Ekitaldian parte hartuko dute Atsegiñako ohorezko lehendakariak, egungo lehendakariak eta Irungo alkateak, eta egindako ahalegina eta lana eskertuko diete.
Sariak zortzigarren ekitaldia izango da aurtengoa: 2015ean, Real Unionek jaso zuen; 2016an, Jon Sistiaga kazetariak; 2017an, Koldo Salinas eta Shole txokolategiak; 2018an, Jose Luis Azkue pianistak; 2019an, Mertxe Rekarte akordeoi jotzaileak; 2020an, Joseba Sarriegi atletak eta 2021ean, Bidasoa Atletiko Taldeak.
Urteurrena ospatzeko, aurten, Atsegiñako erraldoiak egunero ibiliko dira Irungo kaleetan. Bestalde, logo berria ere egin dute, Iban Vaquero diseinatzaile grafiko irundarrak diseinatutakoa. Diseinu berriak elkartearen logotipoa edo ezkutu historikoa jasotzen ditu.