Ikasleek Agenda Eskola 2030en inguruko lanketa aurkeztu dute
Hondarribiko ikastetxeetako ikasleak udaletxean bildu dira gaur goizean urte osoan zehar landutakoa erakusteko eta galderak egiteko.
Gaur goizean, herriko hiru ikastetxeak udaletxean bildu dira Agenda Eskola 2030 foroaren bueltan. Hamalaugarren edizioa da aurtengoa. Ikasleek urte osoan zehar landutakoa erakutsi eta galderak egiteko aukera izan dute.
Txomin Sagarzazu alkatea, Juan Mari Altuna lehen alkateordea eta Juan Luis Silanes Ingurumen eta Hezkuntza zinegotzia egon dira hauen proposamenak jasotzen. Alkateak azaldu duenez, haurrek lanak jarri dizkiete, eta udaletik ahalik eta erantzun onenak ematen saiatu dira.
Ikasturte honetan, Garapen Jasangarria eta Lehorreko Ekosistemak landu dituzte. Bereziki, belardiak izan dira aurtengo protagonista nagusia. Honakoa modu ezberdinetan landu dute: sentsibilizazioa, ikerketa, diagnosiak, edo parte hartzaileen ekintzen bidez.