'Maitasunak gorrotoa garaitzen du' kanpaina, LGTBIQ+ erreferenteak erakusteko
Erlazio mota desberdinak erakusten dituen sei argazki jarriko dituzte L2 autobus linea batean. Gainera, apar festa egingo da hilaren 28an San Juan plazan.
Udalak LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira Maitasunak gorrotoa garaitzen du kanpaina jarri du martxan Berdintasun arloak eta horren aurkezpena egin du gaur Miren Etxebeste zinegotziak. Ideia hau aurrekontu parte hartzaileetan jaso zutela azaldu du.
Kanpainaren helburuetako bat “gertuko eta zuzeneko mezu bat irisgarri izatea” da, baina asmo nagusia kolektibo honekiko aurreiritzien gainean hausnartzea da, “estereotipoak baztertzea da uler dezaten”. Udalak guztientzako lekua duen hiri bat dela sustatu nahi du Etxebesteren hitzetan, “pertsona guztiek diren hori izan eta aske maitatzeko aukera duten hiri bat”.
Ibai Armentia argazkilariaren sei argazki kaleratuko dituzte kanpaina zabaltzeko zeintzuetan bi emakume lesbiana, bi gizon gay, polimaitasunezko harreman batean dauden hiru emakume, harreman heterosexual batean dauden gizon eta emakume transexual bat, harreman heterosexual batean dauden gizon eta emakume zis bat, eta bi pertsona ez binario ikusi ahalko diren.
Argazkiak L2 autobus batean jarriko dituzte ekainaren 20tik 10era bitarte. Jarraian, auzoetan jarriko dituzte argazki horiek ere eta udaran zehar udalak sare sozialetan zabalduko ditu. “Sei argazkietan dibertsitatea erakusten da, eta ez bakarrik etniari, arrazari edo LGTBIQ+ kolektiboari dagokionez, beren lekua baitute dibertsitate funtzionala dutenek eta adinkeriaren kontra borroka egiten dutenek ere. Helburua erreferenteak ikusgai jartzea da, estereotipoak atzean uzteko”.
Horrez gain, hilaren 28an apar festa egingo dute San Juan plazan eguerdiko 12:00etan. Sei apar kanoik ostadarraren banderaren koloreak botako dituzte.