Hondarribian Jazz, uztailaren 4tik 10era
Jazzaldia izango du Hondarribiak. Alde Zaharreko plazek jasoko dituzte nazioarteko talde eta bakarlarien saioak, baita Itsas Etxeak ere.
Uztailaren 4tik 10era, lehenengoz, Hondarribian Jazz nazioarteko jazz jaialdi “berritzailea” egingo dute Hondarribian. Ekitaldi nagusienak hilabete horretako 7tik 10era izango badira ere, aurretik ere badira emanaldiak. Izan ere, Europako musika kontserbatorioetako karrera bukaerako jazz proiektuak ere erakarri nahi dituztelako data horietan zehar. Kontzertu gehienak Alde Zaharreko plazetan egingo dituzte, baina Itsas Etxeak ere jasoko ditu emanaldiak: Woman In Hondarribia Jazz proiektukoak hain zuzen ere. “Itsas Etxean emakumeak protagonista izango diren bakarlari eta taldeei zuzendutako kontzertuak antolatuko dira. Emakumeen presentzia jazzean oso txikia da, ikusita zer nolako maila erakusten duten bai kontserbatorioetan baita talde modura ere. Haiei bide ematen saiatuko gara”.
Gaur aurkeztu dute musika jaialdia Txomin Sagarzazu alkateak, Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotziak, eta Hondarribian Jazzeko zuzendari Joseba Cabezasek. Egitarauaren xehetasunak emateaz gain (klik egin hemen egitaraua osotasunean ikusteko), hirian izango diren hainbat artistaren izenak aurreratu dituzte, honakoak: James Francies, Victoria Pilatovic edo Diego Amador.
Herriko jazzaldiak bertako kultur eskaintza osatuko duela jakinarazi du alkateak, “gonbidapena egin nahi diet herritarrei baita etortzen diren guztiei ere jazz musikaz gozatzera giro paregabean”. Maria Serranok, bere aldetik, Hondarribian Jazzek herriko turismo planean ezarritako helburuekin bat egiten duela adierazi du, eta zehaztu du kalitate eta maila handiko jazz jaialdia antolatu ahal izateko “lan handia” egin duela udalak, Joseba Cabezas zuzendariarekin elkarlanean. “Gobernu taldearen asmoa da Hondarribian kalitate eta ukitu berezia duten emanaldien aldeko bidearekin jarraitzea. Gure hiria udako jazz zirkuituan sartzea da gure asmoa”.
Kaleko emanaldi guztiak doan izango dira. Horiek Kasino Zaharreko lorategian, Arma Plazan, Apezpiku plazan edo Erreginaren Baluartean egingo dituzte. Itsas Etxeko saioetarako, berriz, sarrera solteak eta abonuak jarri dituzte salgai.
Joseba Cabezas zuzendariak berretsi egin du Serranok esandakoa, hau da, Hondarribia Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazz jaialdien zirkuituan sartzea nahi dutela. “Horretarako oso apustu serioa egin dugu”, nabarmendu du Cabezasek, jaialdiaren kartelburuei erreferentzia eginez.