25 urteko migratzaile baten gorpua aurkitu dute Bidasoa ibaian
Behobiako zubi inguruan atzeman dute hilotza; ez du indarkeria zantzurik: itota hil dela uste dute. Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak manifestaziora deitu du biharko, Donostian.
[Berria-tik hartutako informazioa]
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Guardia Zibilak gorpu bat topatu du gaur goizean Bidasoa ibaian, Irun aldean; Behobiako zubiaren inguruan, zehazki. Hilotza migratzaile gazte batena da: Abderrman Bas izeneko gizonezko ginear bat da, 25 urtekoa. Gazteak ez zeraman dokumentaziorik soinean, baina hatz marken bidez identifikatu dute; Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak jakinarazi duenez, Lanzarotera iritsi zen maiatzean.
Jaurlaritzaren arabera, gaztea “berriki” zendu da. Astelehenean egingo diote autopsia, baina argitu dute gorpuak ez duela indarkeria zantzurik: itota hil den susmoa dute.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE-EE) atsekabea adierazi du, ohar baten bidez: “Ezin gara drama honetara ohitu”. Mugako kontrolak “birplanteatzera” deitu du: “Ezin ditugu hainbeste gazte galdu ibaian, tantaka. Uretara salto egiten dute mugako kontrol zorrotzetatik ihesi; hori bada arazoa, konpondu egin behar dugu!. Frantziako Gobernuari mintzatu zaio: “Europan migrazio politika komunak ezarri behar dira, halako egoerak saihesteko”.
Ildo berean mintzatu da Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, Xabier Legarreta. Frantziako Poliziak mugan egiten dituen “kontrol selektibo eta arrazistak” salatu ditu, eta migratzaileentzako “bide seguruak” galdegin ditu.
Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok ere adierazpenak egin ditu sare sozialen bitartez, albistea plazaratu berritan. Twitterren, esan du “beste ezbehar humano bat” gertatu dela Bidasoan. “Etxe bila joan, bizitzan aurrera egiteko toki baten bila aritu, eta heriotzarekin egiten dute topo mugan, Europan”.
Gaitzespen irmoa
Albistea plazaratu eta segituan hasi dira, errenkadan, heriotzaren gaineko mezuak zabaltzen. Suminez, gaurkoa bezalako heriotzen erantzuleak migrazio politikak direla nabarmendu dute zenbait eragilek. Besteak beste, oharra kaleratu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak. “Hendaiako muga: axola ez duten bizitzak”, idatzi dute titulu.
Elkarteak gogor salatu ditu mugako kontrolak, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio aurki osatuko den Frantziako Gobernuari exiji diezaiola bertan behera utz daitezela kontrol horiek.
Gaitzespena ozentzeko, elkarteak protestara deitu ditu herritarrak. Mobilizazioa eginen dute bihar eguerdian, 12:00etatik, Donostiako Aquariumetik abiatuta; errefuxiatuen nazioarteko eguna izanen da astelehenean.