Zirkulazio aldaketak eta aparkaleku alternatiboak, festak direla eta
Bihartik aurrera oinezkoentzat izango dira bakarrik Alde Zaharreko eremu batzuk, Urdanibia plaza eta San Martzial kalea.
Jaiak direla eta, trafikoan ohiko aldaketak izango dira, eta horiek berri eman du Udaltzaingoak. Hala, bihartik aurrera, oinezkoentzat bakarrik izango dira Alde Zaharreko eremu batzuk, Urdanibia plaza eta San Martzial kalea. Colonera ere zabalduko da neurri hori, baina arratsaldez bakarrik, eta hilaren 25etik aurrera. Neurri horiek uztailaren 1era arte egongo dira indarrean, eta salbuespena hilaren 27an (astelehena) izango da Colon pasealekuan. Hilaren 30ean goizez ere moztuta egongo da ibilgailu motordunentzat.
Udalaren gomendioa garraio publikoa erabiltzea da, baina aparkaleku alternatiboak ere jarriko dituela iragarri du. Aurten lehenengo aldiz Bidasoaldea HHIko patioa sartuko da aparkaleku alternatiboen zerrendan. Horiek Dunboa ikastetxeko nahiz Eguzkitza BHIko patioak osatuko dute, eta guztiak hilaren 22tik uztailaren 2ra egongo dira martxan. Su artifizialak direla eta, Lekaenea eskolako patioa ere aparkaleku bihurtuko da hilaren 27tik uztailaren 2ra.
Aldaketak autobusetan
Autobusetan ere eragingo dute trafiko aldaketa horiek. Markesinetan iragarriko dituzte aldaketa horiek guztiak. Horrez gain, Gautxori zerbitzua martxan jarriko dute bihartik aurrera, gauero: Katea auzorako autobusa Gipuzkoa Hiribidea 4tik aterako da, orduero, 23:30etik 06:30era. Behobiarako linea Gipuzkoa Hiribidea 1etik irtengo da, orduero, 23:00etatik 06:00etara. Genero ikuspegia ere aplikatzen ari dira autobusetan, eta hala nahi duten emakumeekhelmugatik hurbilago jaitsi ahal izango dira autobusetik, eskaria eginda.
Luis Marianoko eta Genaro Etxeandia plazako taxi-geltokiak, bestalde, Iparralde hiribidera lekualdatuko dira hilaren 25 eta 26an 17:00etatik 01:00etara, hilaren 28an, 18:00etatik 01:00etara; hilaren 29 eta uztailaren 1ean, 18:00etatik 23:00etara eta hilaren 30ean, 06:00etatik 01:00etara.