Jaietarako prebentzio protokoloak aktibatuko dituzte
Drogen kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko eta indarkeria matxista prebenitzeko neurriak hartu ditu udalak.
Sanpedro eta sanmartzial jaietan aktibatuko dituzten prebentzio kanpainen berri eman zuten atzo Miren Etxebeste, Berdintasun ordezkariak eta David Nuño, gizarte Ongizateko ordezkaria.
Protokoloen helburua Irunen “guztiok nahi ditugun festak zapuzten dituzten jokabideak saihestea, ahal den heinean” dela dio Nuñok. 2019. urteko ildoa berreskuratuko dutela adierazi du jai giroan alkohola eta beste droga batzuk kontsumitzeak dituen arriskuak murrizten saiatzeko.
Prebentziozko alkoholemia egiteko postua jarriko dute Ficoban hilaren 25 arratsaldean. Horrez gain, bertan egongo diren langileek arriskuak prebenitu eta murrizteko legediaren gaineko informazioa luzatuko dute.
Testing programa ere jarriko dute abian ekainaren 23an eta 28an. Gainera, hilaren 18 eta 30ean Botilzarra programa zabaltzen ibiliko da Urdanibia plaza inguruan. Azkeneko programa hau bide publikoan alkohola kontsumitzen ari diren adingabeei zuzendutakoa da.
Eusko Jaurlaritzak egindako Aukeratu zure udako argazkia kartela ere ikusgai egongo da, eta asmoa jaietan arriskutsuak izan daitezkeen gehiegikeriak bazter utzita gozatzea da. Gizarte Ongizateak gutun baten bidez ostalariei abisatu diete adingabeei alkohola saltzea debekatuta dagoela.
Indarkeria matxista prebenitzeko protokoloa
Etxebestek azaldu du protokoloaren xedea “jaietan indarkeria matxistaren ondoriozko erasoak prebenitu eta gertatzen badira azkar erantzutea” dela. Horrez gain, indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko zein neurri hartu behar diren jasotzen dituen dokumentu bat landu dute ere.
Beste urteetan bezala puntu morea jarriko dute zenbait txokotan eta bertan egongo diren langileek indarkeria matxistaren ondoriozko egoerak kudeatzeko gaituta egongo direla esan du.
Puntu morea egun hauetan egongo da:
- Ekainaren 18an, Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 02:30ak arte.
- Ekainaren 23an, Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 02:30ak arte.
- Ekainaren 25ean, Ficoban, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.
- Ekainaren 25ean, Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 02:30ak arte.
- Ekainaren 26an, Istillaga plazan, 22:30etatik gauerdira arte, Gazteguneko jarduerek iraun bitartean.
- Ekainaren 28an, Urdanibia plazan, 22:00etatik goizaldeko 02:00ak arte.
- Ekainaren 30an, Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 03:00ak arte.
Indarkeria matxistan espezializatutako hiru profesionalen akonpainamendu zerbitzu bat ere egongo da eraso bat gertatuz gero. Lehen harrera egingo diete eta aholkuak emango dizkiete, eta behar izanez gero, erietxera, poliziarengana edo epaitegira lagunduko diete. Kasuaren arabera behar duten zerbitzua eskainiko dute, biktimak nahi badu.
Zerbitzu hau 24 orduz egongo da aktibo, ekainaren 18ko 17:00etatik ekainaren 19ko 17:00etara. Ondoren, berriz aktibatuko da ekainaren 23an 17:00etatik aurrera uztailaren 2ko 17:00 arte. Mezu bat bidali daiteke edo deitu, zenbakia hau da: 607 07 02 02. Beste zenbaki batzuk ere egongo dira erabilgarri; Irungo Udaltzaingoa, 092 zenbakia da eta SOS Deiak 112.
Ez beti da ez mezua edukiko duen 100.000 zapi banatuko dituzte, ” eraso matxisten inguruan kontzientziatzeko eta jai integratzaile batzuen alde egiteko”.
“Errespetuz eta gizalegez” ospatzeko jaiak direla irmo dio Etxebestek, eta errespetuaz mintzatzean ” guk ez bezala pentsatzen eta sentitzen dutenak izan behar ditugu gogoan, guretzat deserosoa izan arren” zehaztu du.
Erreferentzia egin dio azken aldian delitu homofobo, gorroto, matxista eta sexualen gorakadei eta horrekin arduratuta daudela adierazi du. ” Oso argi izan behar dugu, ordea, eraso matxistak eraso fisikotik haratago doazela. Irainak, txistuak, mespretxatzeko keinuak ere eraso matxistak dira”.
Mezua argia izango dela dio “zero tolerantzia edozein errespetu faltaren aurreanEdozein eraso onartzen badugu, egoeraren arabera onargarriak diren erasoak eta errespetu faltak daudela esaten ariko gara. Eta hori onartezina da”.